Frankismoaren aurka ekarpen itzela egindako baztandarrak

 


(Argazkia: Ondikol)

Frankismoaren garaian euskal erresistentzian parte hartuz, Alava Sareko parte izan ziren Bittori Etxeberria, Esteban Etxeberria, Agustin Ariztia, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza baztandarrak eta azaroaren 26an omenaldia egin zien Baztango Udalak eta Elizondoko Herriak, Mikel Iriarte arizkundarraren eskultura inauguratuz beren omenez Pedro Axular karrikan. 

Abesbatzaren plazan izan zen ekitaldi nagusia, herritar ugariren parte hartzeaz eta Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidentea, bertan izan zelarik. Hizlariak Mirentxu Oiartzabal (parlamentari ohia, Baztango zinegotzi ohia eta omenduen laguna), Ana Ollo (Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako sailburu) eta Joseba Otondo Baztango alkatea izan ziren. 

Ekitaldian zehar, Josune Makibarrek eta Mari Jose Alañak kanta bat eskaini zuten, Amaia Kordobarekin pianoan; Maddi Melladok biolin-pieza bat jo zuen. Baztandarra Dantza Taldeak eta Jo ala Jo elkarteen eskutik aurreskua dantzatu zuten eta familiako kideek zein herritarrek lore eskaintza egin zuten.

Omenduen artean, Bittori Etxeberria (Elizondo, 1908-1997) Alava Sareko espioitza taldean funtsezko emakumea izan zen. Frankismoaren sorreran, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, iheslariei muga pasatzen laguntzen zien eta espioitza lanak egiten zituen. Etxeberria bereziki nabarmendu zen garai hartan, eta bera izan zen sarea Euskal Herri osora hedatu zuen bultzatzaile nagusia.

Horrez gain, II. Errepublikaren garaian, Emakume Abertzaleen Batza antolatu zuen Baztanen; bertze hainbatekin Baztango lehendabiziko ikastola sortu eta abertzaletasunaren bultzatzailea ere izan zen.

Eneko Aizpurua idazleak, Euskalerria irratian azaldu zituen Bittori Etxeberriaren ekarpenaren nondik norakoak. Esteka honetan sakatuz jarraitu dezakezue elkarrizketan esandakoak:  https://euskalerriairratia.eus/irunerria/1618410448412-eneko-aizpuru-baztango-bailara.