Aiora Zabala Natura gure esku liburuaz



Baztango Udalak eta Baztango Talde Ekosozialak antolaturik Natura gure esku liburua (Alberdania) aurkeztu zuen atzo Aiora Zabalak Elizondon.

Aiora Zabala sortzez irundarra izanagatik, Zigan hazitakoa da. Ekonomia Ekologian doktorea da eta Erresuma Batuko Open Universityn eta Cambridgen irakasle dabil.

Inguratzen gaituenetik abiatuta, ingurumenari buruzko gogoetan barneratzen du irakurlea Zabalak. Buruz buru ditugun ingurumen erronken aitzinean gogoeta egitera eta aldatzeko ekintzak egitera animatuz.

Horretarako, narrazioaren tresneria eta teknika dialogikoak erabiltzen ditu, bizipen pertsonalak, gaurkotasun osoko gertakizunak eta ikerketa lanetatik eratorritako ebidentziak tartekatuz.

Kontakizunaren protagonista ez da, beraz, «gizakia» era abstraktu batean, baizik eta egilea bera edo egilearen tankerako norbait izan daitekeen pertsona gazte bat, gaur-gaurkoa izateagatik eguneroko arazoak bizi dituena, eta haiekiko nola kokatzen duen bere burua azaltzen duena. Irakurleak arazo eta irtenbide konplexuei buruz pentsatzeko duen gaitasuna eta gogoa sustatzea du liburu honek helburu.

Liburuak agerian jarri nahi du badagoela, posiblea dela, larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako arazoei eta haiei dagozkien erabakiei buruz askatasun eta kreatibitate handiagoz pentsatzerik eta, azken batean, ekiterik.

Egilearen asmoa ere bada mezu positibo edo baikor bat helaraztea, asko baita, azken finean, norbanakoak –gutariko bakoitzak, alegia– egin dezakeena gizataldeen, enpresen, gobernuen eta, funtsean, gizarte osoaren norabidea eta erabakiak bideratzeko.

Liburuak hamar kapitulu ditu, sarrera eta amaiera barne. Zortzi kapitulu nagusietan, eguneroko gai banaren inguruan antolatzen dira kontakizuna eta gogoetak. Horrela, solasaldian edo barne bakarrizketan, hainbat eta hainbat gai datoz orrialdeetara, fineziaz jositako narrazio laburren sorta baten tankeran.

Arizkuneneako mintzaldien gela aurkezpenerako bete zen, jendeen interesaren erakusgarri. Egilearen hasierako hitz hartzearen ondotik galderetararako txanda ireki zen, elkarrizketa emankorrari bide emanez.