Venezuelako El Maizal: eraketa komunalaren adibide






Aste hauetan Angel Prado Venezuelako Simon Planas udalerriko alkate eta El Maizal komuna sozialistako buruzagia Euskal Herrian eta Katalunian bisitaldia egiten ari da, Demokrazia Komunalaren sareak gonbidaturik.

Bisitaldiaren barnean Baztango Udaletxean Joseba Otondo alkatearekin bildu zen eta Venezuelan bultzatzen ari diren eraketa komunala solasbide izan zuten, Baztango kultura komunalaz solastatu bidenabar.

Ondotik Lekarozko Larraldean abiatu duten Eztibeltza kooperatiba agroekologikoaren proiektua ezagutu zuen eta bazkalondoan bilkura irekia egin zen Amezti elkartean El Maizaleko proiektu komunalaz mintzatzeko, Venezuelak bizi duen kanpo-eraso eta blokeoaz aritzeko eta prozesu bolibartarraren egoeraz eguneratzeko.

Simon Planas 60.000 biztanleko udalerria da eta 808 km.2ko hedadura du. Lurralde osoa komunetan antolatu dute, denera 12 komuna daude horien barnean eta 112 kontseilu komunal. Udalerria nekazaritzari emana da, batez ere; eta ekoizpen aipagarrienak artoa, azukre-kainabera eta kafea dira. Abeltzaintzari buruz behien eta zerrien hazkuntza da nagusi.

El Maizal komuna sozialistan 3.000 familia bizi dira, 12 kontseilu komunaletan eta Ekonomia Sistema Komunala antolatu dute, ekoizpen jarduerak antolatuz, ekoizpen unitateekin. Lur komunalak aprobetxatuz, ekoizpen unitateekin esnea, gasna eta haragia ekoizten dute. Ereiteko eta lurra mekanizatzeko uniteateak dituzte. Elikagaien biltegiratze-gunea dute eta kafea eta artoa eraldatzeko artesau-industria, baita gasa etxeetarat banatzeko sistema ere.

Lur kolektiboak ez direnetan baratzekiak ekoizten dira eta zerriak hazten. Gainera, ekoizpen guztiak banatu eta merkaturatzen ditu Komunak.

Ekonomia Sistema Komunalarekin eta horren araberako erakundetze eta antolaketa politikoarekin bizimodu duin eta bidezkoa antolatu nahi dute, justizia sozialean oinarritua inor menpean hartu gabe.