Gazako sarraskia gelditu!


Gernika-Palestina deialdi herritarrak manifestazio nazionalera deitu du larunbaterako Donostian, Palestinari elkartasuna erakusteko. Deitzaileek agiri batean azaldu dutenez, Gazako «sarraskia» gelditzeko eta konponbide politikoa eskatzeko egingo dute mobilizazioa. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik.

Palestinari elkartasuna agertu diote pertsona ezagun ugarik manifestu batean, besteak beste, kulturan, hezkuntzan, kirolean, feminismoan eta kazetaritzan erreferente diren hainbat lagunek sinatu dute idatzia: Itziar Ituño, Xabier Madariaga, Eñaut Elorrieta, Maialen Lujanbio, Nekane Balluerka, Fernando Bernues, Izaro Andres, Nora Aurrekoetxea, Juanito Oiartzabal eta Agus Hernan.

Idatzian azaldu duten moduan, sinatzaileek beren kezka agertu dute Palestinatik eta Israeldik iristen diren berriak direla eta: «Bi aldeetako zibilen heriotzak zeharo mingarriak dira eta bake aukeratik urruntzen gaituzte, dagoeneko 75 urtez luzatzen den gatazka honetan». Gazaren gaineko bonbardaketa ehunka hildako eta milaka zauritu eragiten ari dela gogoratu dute, horietako asko umeak, eta bidenabar, argindarra, ura eta bestelako hornigaiak falta dituztela. Idazkian esaten dute «ondorio humano, sozial eta politiko larriak» dituen larrialdi humanitario bat dela, eta uste dute ez dela onargarria. Hori dela eta, gerra amaitzeko eskaria luzatu dute.

Bost eskari egin dituzte gainera: batetik, berehalako su-etena, eraso guztiak amaitzea eta zibilen bizitza eta segurtasuna bermatzea. Bigarrenik, Gazaren gaineko «setioa» eta Palestinako lurraldearen gaineko «mehatxua» bukatzea galdegin dute, bai eta laguntza humanitarioa bertara iristea ahalbidetzea ere. Palestinako eta Israelgo herritarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute, halaber. Laugarrenik, konponbide baketsua eta negoziatua bilatzeko deia egin diete alde guztiei, hain justu ere, nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte «zorrotzean» oinarritzen den konponbidea eskatu dute. Azkenik, premiazkotzat jo dute elkarrizketa prozesua abiatzea, bake «justu, egonkor eta iraunkorra» helburu duena.

Euskal Herritik Palestinako herriari elkartasuna agertzeko deia egin dute manifestuaren sinatzaileek: «Sarraskia geldiarazteko gizarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe da: mobilizazioa».