20 urteko kartzela eta 56.000 euroko zigor eskaera zazpi laguni




Aroztegiako auziperatuekin elkartasuna adierazteko agerraldia egin da Lekarozen. 270 pertsona bertaratu dira Aroztegiako jauregi parean izandako prentsaurrekora. Argazkietan auziperatutako 7 herritarretatik 5 agertzen dira mahaiaren bueltan eserita. Bertan pasa den mezua osorik sartu dugu:

"2021eko udaberrian Baztango Lekarozko herria loratu zen bere lurrak defendatzeko nahiarekin. Espekulazioaren mamurru beltzak bere makinekin, beraiendako espreski egindako legeak errespetatu gabe eta Baztango herritarren eta tokiko erakundeen erabakien gainetik pasatuz, gure lurrak xehatzera etorri ziren. Agertu bezain fite Euskal Herriko xoko guzietatik herritarrak Aroztegirat hurbildu eta akanpada koloretsu, eta desobedientearekin, gure gorputzak makinen aitzinean paratuz, basakeria zen obra hura gelditzea lortu genuen. Palacio de Arozteguia SL, TEX eta QUEIPO SL etxerat igorri genituen, ZORIONAK!

Euskal Herriko eragile, norbanako eta mugimendu anitzen babesari esker gertatu zen hura, agortua den eredu kapitalista, heteropatriarkal, kolonial eta ekozidari planto egiteko dugun konpromisoarekin. Denek eskutik elkar harturik lortu genuen.

Aroztegiko borrokan egon garen urte guzi hauetan sistematikoki jazarpen judizial, polizial eta ekonomikoa pairatu dugu, hontakoan aldiz, marra gorri guziak gainditu dituzte. Orain zazpi laguni tokatu zaigu gustu txarreko zirko honetako parte izatea. 20 urteko kartzela eta 56.000 euroko zigorrarekin isilarazi nahi dute herria. Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delituak leporatzen zaizkigu Aroztegiko akanpadan parte hartzeagatik. Lotsagarria.

Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela. Isilarazi nahi gaituzte, eta ez dute lortuko. Ez dezagun atzendu Nafarroako Gobernuak berak baztandarrei sor-gor eginaz sortutako egoera dugula hau eta borroka oraindik ez dela akitu: UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak berriz nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzearen erantzukizuna berea dela.

Lurra, kultura, hizkuntza eta bizitzaren defentsan desobedientzia zibila praktikatu duten mugimenduei errepresioarekin erantzuten diete, hau baita beraien hizkuntza, baina ez dugu onartuko. Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazi dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute eta bortxaz epaitegietarat igortzen gaituzte. Desobedientziaz borrokatzeko eskubidea kriminalizatu nahi dute.

Hortaz dei egiten dugu Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eragile eta norbanakoei pairatzen dugun errepresio ekonomikoaren aitzinean elkartasunez erantzutera. Denen artean lortuko dugu. Horretarako aroztegia_elkartasuna@ni.eus helbidera idazten ahal duzue. Zazpi gara auziperatuak baina herri oso baten kontrako zigorra da.

Kriminalizaziorik ez! Elkartasunez aitzinerat!".