Lekarozko enpresa parkeari buruz
Hasteko, eta orain artiokoari errepaso ttikia eginez, bi aldi edo momentu bereiz daitezke:Lehen momentuan, 2004. urtean Kaputxinoek eskola eta lurrak salmentan paratu zituzten. Testuinguru horretan eraikuntza enpresa desberdinek bertan egitasmo urbanistiko bat egiteko nahia agertu zuten. Udaletxeak egitasmo hauek egiteko aukera baztertu zuen. Gure ustean, halako erabakiarekin udaletxeak zentzuz eta arduratsu jokatu zuen, Aroztegiako proiektuan ez bezala. Baldintza horietan udaletxeak lur horietan esku hartzeko ekimen ausarta abiatu zuen, ingurua erosteko asmoa agertuz eta bertan, Baztango eragileekin solastutako ekimen desberdinak jartzeko aukera orokor bat aurkeztuz. Funtsean, eskualde mailako aukeren gune bat eratu nahi zen, ikerkuntza eta berrikuntzarekin zerikusia zuten balio erantsi handiko jarduerak ere bertan ezarriko zituena: gune teknologikoa, Natur-Zientzien behatokia, jatorri izendapeneko produktuen sustapen eta kudeaketarako gunea, enpresa gunea, erakustazoka eremu funtzio-anizduna, arte gunea, artistendako lantegiak eta egoitza…
Bigarren momentu batean, 2006. urtean, Nafarroako Gobernuak efektu kolpe bat eman eta Lekarozko eskolako eremu guztia 3,3 milioi eurotan erosi zuen. Nafarroako Gobernuak hasieran ez zuen inguruari buruzko egitasmorik, alta, egitasmoak zehazteko batzorde bat abiatu eta Nafarroa 2012 Planaren barnean 12 milioi bideratu zituen Lekarozko egitasmorako. Modu horretan joan den urtean enpresa alorreko campus bat eraikiko zuela iragarri zuen, hizkuntz-murgiltze zentro bat, enpresa parke bat eta harrerarako gune bat. Egitasmoak ekonomiari, hezkuntzari eta kulturari lotutako ideiak lantzea eta garatzea izanen du helburua. Denetara
Gauzak horrela prozesuaren eta egitasmoaren inguruko gogoeta hauek egin nahi ditugu:
~ Nafarroako Gobernuaren eta Baztango Udaletxearen interes borrokatik eta deskoordinaziotik haratago (iduri duenaren arabera Nafarroako Gobernuaren protagonismo nahikeriagatik), begi-onez ikusi dugu administrazio publikoak eremu horretan hartu duen gidaritza eta eremua erosi izana, hori baita interes orokorra bermatzeko oinarria, nahiz eta horrekin bakarrik ez den aski.
~ Horrela, administrazio publikoaren eskuhartze eta gidaritzaz gain, interes orokorra nagusitzeko mekanismo parte hartzaileak landu behar dira, eta Nafarroako Gobernuak afera horretan nabarmen huts egin du. Egitasmo desberdinak lantzeko batzorde bat osatu zuen, eta bertan Nafarroako Gobernua bera, Baztango udaletxea eta eskolako ikasle-ohiek parte hartu zuten; baina baztango eragile sindikal, ekonomiko, sozial eta kulturalei ez zieten tokirik egin, guttiago oraino ezker abertzaleari. Udaletxearen ardura zen baztango eragile desberdinen parte hartzeko aukera bulkatu eta babestea.
~ Guzti horren ondorioz Nafarroako Gobernuak egindako egitasmora iristen gara. Gure ustean Lekarozko eremuak baztango baliabideetan oinarrituriko bertze garapen eredu bat bulkatzeko azpiegiturak landu behar lituzke. Baztango garapena bertako baliabide eta jendeetan oinarrituko duena, kalitatezko enplegua sortuz, iraunkorra eta sozialki beharrezkoa. Orain artiokoarengatik badirudi bulkatzen ari diren egitasmoa hiriaren menpeko landa-eremuaren eskeman kokatzen dela, zerbitzuetan oinarrituriko ekonomia tertziarizatu baten ele xarmantekin jauntzia, eta hain modako bihurtu diren ikerkuntzaren, berrikuntzaren eta garapenaren mantrekin herritarren atxekimendua bildu nahi duena.
~ Halaber, iduri du Nafarroako Gobernuaren eskuhartzea azpiegituretan egin beharreko inbertsioetara mugatzen dela. Haatik, baztango baliabideak eta jendeak aktibatzeko izaera publikoko enpresak eta programa desberdinak ere egin beharko lituzke. Hau da, bertako baliabide eta jendeetan oinarrituriko garapen eredu desberdin bat bulkatzeko, beharrezkoa da ekimen publikoak ekonomian zentraltasuna hartzea eta hura zentzu guztietan egituratzea, planifikatzea eta gidatzea, herritarren partehartzea oinarri gisa hartuta.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina