(...) Batzuk diote ez dugula alternatibarik eskaini behar, nik bai, baina ez gobernuari alternatibak emateko eta errateko “hau ez, hori bai”, alternatibak guretako behar du izan, gure buruari erran behar diogu zer nolako Euskal Herria nahi dugun. Guk erraten dugularik independentzia, sozialismoa nola irudikatzen dugu hori?, nola ulertzen dugu garraioa, nola ulertzen dugu produkzioa edo produktibitatea bera, nola ulertzen dugu ingurumena, demokrazia.
(…) Inpresioa dut sindikalismoak buruan eduki duen borroka mota gehien bat fabrika barnean kokatu dela, langileak fabrika barnean, ez langileak bizi diren lekuan, garraiatzen diren lekuetan, aisian. Gainera sindikalgintzatik eredua aldatu behar dela erraten delarik, eraldaketa sozialarena erraten denean faltan hartzen dut eraldaketa ekonomikoa, eraldaketa politikoa...bertze eraldaketen aipamena, eraldaketa soziala ezin delako gertatu, ez bada bide-orri berean eraldaketa ekonomikoa, eraldaketa politikoa.
(…) Erraten da lana eta aberastasuna banatu behar direla, lan baldintzak hobetu, prekarietatea gainditu, kontrol publiko handiagoa… Baina inpresioa dut produktibitatea bera ez dela ukitzen, hau da, gehiago sartzen garela aberastasuna nola banatu, eta ez garela sartzen nola sortzen dugun aberastasuna eta ia aberastasuna sortzeko modu hori egiazki iraunkorra den denboran, edo benetan gu, gure inguruan aberastasuna banatzeko eginahaletan, aberastasun hori bertze batzuen kontura sortzen dugun, batez ere lehenengo, bigarren, hirugarren, laugarren mundua dena delakoen kontura. Ez da aski aberastasuna banatzearekin, berpentsatu behar da aberastasuna nola sortzen dugun, noren kontura sortzen dugun eta ia etengabe sortu daitekeen aberastasun bat ote den edo agian mugatu beharreko aberastasuna den.
(…) Lehengai guztiak ari gara agortzen, gero eta gehiago kontsumitzen ari gara. Eskaintzaren kontua ere bada. Eskaintza gehitzeak eskaria gehitzea dakar, urarekin izan, energiarekin izan… gauza guztiekin.
(…) Lehengai guztiak ari gara agortzen, gero eta gehiago kontsumitzen ari gara. Eskaintzaren kontua ere bada. Eskaintza gehitzeak eskaria gehitzea dakar, urarekin izan, energiarekin izan… gauza guztiekin.
(…) Garapen hitz hori ere nik uste ebatsi digutela, demokrazia ebatsi diguten moduan, edo sozialismoa, edo askatasuna (…) Ekonomialari alternatiboen arabera, garapen iraunkorra erraten dugularik benetako arazoa garapena da. Erdaraz desarrollo eta euskaraz garapena erabiltzerakoan, aunitzek buruan dutena desarrollismoa da, etengabeko hazkundea da, eta garapenari ematen diote zentzu hori, hazkundea… Horregatik, guk ezkerretik nahi dugun garapen hori ez da eurek nahi duten hori. Beraz hemen benetan arazoa hazkundea da eta hazkundea gero eta kontsumo gehiago da, gero eta lehengai gehiago ustiatu eta agortzea… Garapena zoritxarrez zentzu horretan ulertzen da.
(…) Beraz garapena hitza alde batera utzita sostenibililitatearen kontzeptua erabili genezake, iraunkortasuna Baina zer da sistema iraunkorra? Roberto Bermejo EHUko ekonomia irakaslearen arabera “sistema batek, sistema horretan bizi den jendarteak ganoraz bizitzeko moduko sistema bat, bai ekonomia aldetik, etika aldetik, ingurumenaren aldetik, demokraziaren aldetik, hainbat alderdiren aldetik mantenitzeko modua”. Bertze modu batean erranda sostenibilitateak gauza bat argi eta garbi definitzen du: mugak onartu beharra. Gaur egungo garapen ofizial horretan desarrollismo kontzeptu horretan, muga hitza ez da existitzen. Zuk erran dezakezu azpiegitura batzuk behar direla, baina non daude mugak?Azpiegiturak erabiltzen ditudalarik dira ikaragarri handi modukoak: energetikoak, garraioak…ez ospitalak. Azpiegiturak ustezko gaitzen balizko botikak izatetik, benetako gaitzen egiazko minbizia izatera pasa dira.
(…) Onartu beharreko mugak ez dira muga ekonomikoak, muga fisikoak dira. Ereduaz solastatzen dugularik, elemendu batzuk berdinak izanen dira, ideologikoak direlako, baina horien gauzapena ezin da bera izan Pirinioan edo Erriberan. Bakoitzak bere eskualdetik, bere inguru fisiko hortatik abiatu behar du bere bide-orri hori, baina argi eta garbi edukita inguru horrek, lurralde horrek badituela baliabide batzuk bere garapena egokiro bideratzeko, baina horrekin batera baditu muga batzuk, izan daiteke klima, izan daiteke erliebea... Horregatik niretako inportantea da zerk mugatzen duen zer, nire ustez ingurumenak mugatu behar du ingurumen horretan iraunkorki bideratu behar den garapen eredua. Gaur egun ereduak berak, baldintzatzen du bertze guztia, gainera eredu bakarra. Eta nik apostu bat egin dudalako meditarraneo aldean bigarren eta hirugarren etxebizitza bulkatzeko, urik ez dagoela? Lasai, beti izanen da “eszedentarioa” den Ebro bat. Beti egonen da “eszedentarioa” den ekosistema bat hortik mugitzeko, eta gainera, kasu honetan ura, beti egonen dira enpresak prest zementua sartzeko, harrobiak egiteko… eta gainera lanpostuak sortuko ditugu…
Lanpostuak sortu bai, baina neurtu beharko da, kontua ez da lanpostuak lanpostuengatik sortzea, prekarioak ez, kalitatezkoak, baina kalitatezkoak izateko iraunkorra izan behar du, hau da, egiten dugun hori izatea egiazki behar dugun hori, iraunkortasuna ulertzeko modu jator baten bidetik.
(...) Iraunkortasunak, neurri batean, hurbiltasuna erran nahi du, ezin da mundu iraunkor bat eraiki edo “Baztan iraunkor bat” denetarako kanpotik ez dakit zenbat kilometrotik ekarri behar diren gauzen menpe baldin badago. Gaur eguenean globalizazioaren bidez, sinistarazi digute eskubidea dela munduko edozein lekutan ekoiztutako edozein produktu gu fresko-fresko goizero eskuratu ahal izatea. Horren aitzinean guk hurbiltasunaren alde egin behar dugu. Modu horretan, aski inportantea da lurraldearen kontzeptua eztabaida horretan, eskualdearena, inguruko lurraldearena.
(…) Euskal Herria iraunkorra izanen da bere eskualde guztiak iraunkorrak direlako. Gainera gure eskualdeek badute gauza bat lagungarri, normalki eskualdeetako hartzen ditugun horiek bat datoz erreken bailarekin eta horrek laguntza bat ematen du hainbat politika egiteko eta integratzeko, urarena adibidez.
Ezker Abertzaleak, eskualdeetan, orain arte modu politikoan lantzen ez ziren hainbat gai lantzen hasi da, eta hori garapen eredua da, zelan aurrera egin, zelan egin garapen eredu jator baten aldeko bidea baina eskualdetik. Eta eskualdeetan badaude arazo ekonomikoak, deslokalizazioak… Ahalik eta planteamendu integralena egiteko taldeak sortzen ari dira, guttienez ideien eremuan, gero bertze kontu bat izanen da hori nola gauzatu. Horretarako, garapen endogeno erraten dugun horretarako, sektoreetan integratua dagoen garapena bulkatu behar da, dibertsifikatua. Dibertsifikatua egotea da botikarik hoberena krisi baten aitzinean. Krisia, batez ere, apostu bakarra eta handia egina zuten eskualdeetan sentitu da.
Deszentralizazioa ere bertze elementu garrantzitsu bat da bide-orri horretan. Ez bakarrik zerbitzuak deszentralizatu, gestioa eta boterea ere hainbat gauzetan deszentralizatu behar dira. Horrek baditu abantailak: demokrazia zuzenagoa, ez dira lo egiteko auzo edo eskualde hutsean bihurtuko. Guttienezko entitate juridiko bat duzu. Nik oraintxe bertan sinatuko nuke Diputazioak desagertzea eta eskualdeek hartzea horien tokia, bertze modu horizontalago batean planteatu lurraldearen antolaketa, eta erabakiak hartzeko prozedura ere.
Zer erranik ez demokrazia parte hartzaileari buruz, eskualdeari lotuta. Demokraziari lotuta, gero eta gehiago erabiltzen da lurralde demokrazia kontzeptua. Nafar bakoitzak botu bat erratean, gerta liteke honat bideratzea bertze inork nahi ez dituen gauzak. Lurraldean eragina duten, gauzetan guztiz kaltetuak suertatu daitezkeen zonalde berek pisu gehiago eduki beharko lukete, gerta litekeelako Bizkaian gertatu den bezala, Bilbok pisua hartzea eta errauskailua Alonsotegira eramatea. Orduan erabakia nola hartzen den ere berpentsatu behar da.
Beharrezkoa da gure bide-orria kolektiboki zehaztu eta asumitzea
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina