Gure herrien defentsan

Amaiurko Munoan  harrobia



Amaiurko Munoan harrobia egiteko lehendabiziko berria 2005ean izan zen.  Batzar Nagusi batean, gai ordenean ez bazetorren ere, Azysa enpresak Munon zundaketak egiteari baiezkoa eman nahi izan zitzaion.  Orduko Amaiurko alkateak nolanahi ez zela horrelakorik erabakitzen ahal eta informazio gehiago ematea galdetu zuen.  2009 arte ez zen deus gehiago entzun gaiari buruz.




2009an Azysak berriz egin zuen Munon zundaketak egiteko eskaera, gero ofita ateratzeko harrobi bat egiteko helburuz.  Batzar Nagusian Komisio bat sortzea erabaki zen gai hau eramateko.

bozkak:
     Harrobiari bai % 2,51
     Bozka xuriak % 3,02
     Harribirik ez % 94,47











Komisioa Azysarekin bildu zen proiektua azaltzeko.  Proiektua zundaketei buruzkoa da bakarrik baina beti gero ofita ateratzeko harrobia aipatzen da.
Amaiurko herritarrak kezkatu ziren eta 2009ko abenduaren 5ean herri galdeketa egitea erabaki zuten. 
Emaitzak:
Erroldan: 229 pertsona
Emandako bozka kopurua: 199 bozka
Partehartzea: %87koa
Harrobia egiteari baiezkoak: 5 bozka (%2,51)
Harrobia egiteari ezezkoak: 188 bozka (%94,47)
Bozka xuriak: 6 bozka (%3,02)
Emaitzak ikusita Amaiurtarrak NaBaikoekin eta UPNkoekin bildu ziren.  Bilera hartan amaiurtarrak harrobiaren eta etxeen arteko hurbiltasunak eragiten dien kezkak azaldu eta Azysa enpresak erraten duen bezain aurkitzeko zaila ez dela ofita materiala demostratzen saiatu ziren Nafarroako Gobernuko mapa geologikoak erakutsiz.  NaBaik, deus erraten utzi baino lehen, zundaketen aldeko bozka emanen zuela argi utzi zuen eta UPNk entzun eta ez zuen deus erran. 
Hau ikusirik 2010eko lehen Batzar Nagusira Amaiurko alkateak Munoko zundaketen gaia mahai gainean uztea proposatu zuen, harrobiaren gaia gehiago aztertzeko.  Horretarako Amaiurko herri galdeketaren emaitza garbia, Almandozen gisa bereko bertze harrobia badela eta Munotik 2 km.ko inguruan Amaiurko biztanlegoaren erditsua bizi dela kontutan hartzea eskatu zuen.
NaBaik ere bere proposamena ekarri zuen: zundaketei baimena ematea.
Harrobiari buruzko eztabaidan ari zirela NaBaiko Aldakok erran zuen amaiurtarrek plano batzuk ekarri zizkietela ofita bertze lekuetan ere badela erakutsiz eta amaiurtarrek bere herrian ez den ber-tze herrietan harrobia egitea nahi dutela aditzera eman zuen.
Amaiurko alkatearen proposamenari baiezkoa edo ezezkoa eman baino lehen, bozkaketa ixilpekoa izatea edo ez bozkatu zen.  Ixilpekoa izatea atera zen.  Gero Amaiurko alkatearen proposamena onartu ez eta NaBaik zundaketak baimentzeko proposamenari baiezkoa eman zion Batzar Nagusiak.
Eta maiatzaren 20an zundaketa makinak Munoan sartu dira.
HITZ GUTITAN ERRATEKO:
 Lehenik, 2005an, Azysa enpresari zundaketendako baimena ixilpean ematen saiatu, eztabaida sahiestuz.
  Bigarrenik, 2009an Azysak eskaera berriz egitean, enpresaren alde egin nahian Udala gezurretan ibili.
  Hirugarrenik herritarren borondateaz paso egin
 Laugarrenik, Batzar Nagusiko eztabaida gezurrekin nahasi eta alkateak elkarren kontra jarri
  Azkenik Batzar Nagusiak zundaketak baimendu eta Azysa lanean hasi.



GURE ONDORIOAK
Tamalez ez da jarrera berria NaBaikoena. Erdizko aferan, batez ere hasmentako giroa gogoratzen badugu, jarrera berdintsua ikusi genuen.  Garai hartan herritarrek emandako erantzun bateratuari esker egin zuen Magna enpresak gibelerat.  Oraingoan amaiurtarrek informazioa lortu, eztabaida zabaldu, iritziak kaleratu, herri galdeketa egin, zundaketen aurka emaitza garbi bat bildu eta hala ere ezin izan dute lortu beren iritzia errespetatua izatea.  Garbi dago hemen zerbaitek kale egiten duela. Eta kale egiten duena Udalean diren taldeen jokaera da argi eta garbi.


Ezker Abertzalearen iritziz kontutan izan beharreko hiru aipamen:
Baztanen gaur egun badira harrobiak eta agian gehiago beharko dira baina zeren harrobiak, noren probetxurako, non kokatuak eta zenbat denboraz ustiatzen ahalko diren Baztandar guztion artean landu eta adostu beharreko kontua da.
Enpresa bat bere egitasmoa aurkezteko garaian gezurretan aritzen bada, kasu honetan berriz ere gertatu den bezala, nahikoa arrazoi beharko luke izan proiektu hori gibelerat itzultzeko.
Amaiurko harrobiak zuzenean Amaiurtarrei eragiten badie ere Baztangoiza eta Baztan osoa zipriztintzen ditu modu batez edo bertzez. Beraz gure lurraren defentsan aritzen garenon aldetik elkartasuna ezinbertzekoa da, maila pertsonal eta kolektiboan, herritar eta herri bezala.

Iruzkinak