Atzo
iluntzean energia berriztagarrien eta “Energia gara” energia kooperatibaren
inguruko solasaldia egin zen Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Mintzaldia
Alejandro Arizkunek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eta Miren
Meokik, Hirusta ingurumen hezkuntza enpresako kideak eskani zuten.
Saioa
Baztango udaletxeko ingurugiro batzorde irekiak antolatu zuen eta hogei eta
hamar lagun hurbildu ziren.
Oroitarazi
bertzalde heldu den ortziralean udaletxeko ingurumen batzorde irekiak
antolatutako bertako hazien inguruko solasaldia eginen dela. Gaueko 8:30etan
Arizkunenean.
Solasaldiaren
lehen zatian Alejandro Arizkun oraingo energia ereduaren arazoei eta balizko
irtenbideei buruz solastatu zen. Hasteko energiaren definizioa eman zuen eta
ondotik energia motak sailkatzeko erabiltzen diren irizpide desberdinak,
bereziki energia berriztagarrien eta ez berriztagarrien sailkapenean azpimarra
eginez. Ondotik energiaren erabileraren azterketa egin zuen, azkeneko
hamarkadetan sekulako hazkundea izan duena, ekoizpenak eta populazioak izan
duten hazkundea baino aise handiagoa. Horrela, hazkundea gero eta handiagoa
izanik, energia iturri gehienak ez berriztagarriak dira: petrolioa, ikatza eta
gasa… Eta horrek, oraingo zibilizazioaren bideraezintasuna erakusten du. Gauzak
horrela, eta kolapsoa sahiesteko trantsizioa antolatu behar dela erran zuen.
Munduan erabiltzen den energiaren %90 inguru ez berriztagarria da, Nafarroaren
kasuan berriz, %86. Ildo horretan, oraingo energia ereduak bi arazo nagusi
dituela adierazi zuen: petrolioaren bukaera eta aldaketa klimatikoa. Puntu horretarat iritsita oraingo
arazoak konpontzeko zenbait norabide ezarri zituen: energiaren eraginkortasuna,
energia ez berriztagarrien ordezkapena –jakinik betiere ere guztiz ezinezkoa
dela energia berriztagarriengatik osoki ordezkatzea eta hortaz energia
kontsumoa guttitu behar dela- eta, energiaren erabilera murriztu. Horrela, gauzak aldatzen hasteko
bidean “Energia gara” kooperatibaren sorrera pausua dela erran zuen.
“Energia
gara” kooperatibaren aurkezpena Miren Meokik egin zuen eta, energia sistema
berriztagarri baten aldeko herritarren ekimen gisa aurkeztu zuen. Espainiako
estatuko merkatu elektrikoa 1998. urtean liberalizatu zenetik ekoizlea
hautatzeko aukera dagoela jakinarazi zuen; modu berean, 22 milioi energia
kontsumitzaile daudela jakinarazi zuen, eta etxeko energia elektrikoaren
kontsumoa energia kontsumoaren %25 dela. Gaur egun bortz energia ekoizle handi
daude: Gas Natural, Endesa, Eon, Hidrocantabrico eta Iberdrola. Banatzaile
lanak Red Electrica Española egiten ditu eta merkaturatzea berriz gisa eta
neurri desberdinetako enpresa ugarik. “Energia gara” kooperatibak
merkaturatzearen arloan jartzen du bere burua, baina ekoizpenean hasteko
borondatearekin. Gauzak horrela Europan dauden energia kooperatiba eredu
desberdinen inguruan aritu zen eta kooperatiba hauen helburu nagusiak adierazi
zituen: oraingo eredu energetikoaren aldaketa eta energia berriztagarriengatik
ordezkatzea. “Energia gara” kooperatibak hainbat printzipio sustatzen ditu:
herritarren parte hartzea, eraginkortasun energetikoa, proiektu
berriztagarrietan inbertitzeko aukera, kooperatibismoaren baloreak hedatzea…
Halaber kooperatibaren funtzionamoduari buruzko hainbat irizpide jakinarazi
zituen: bidezko soldatak, irabazi asmorik gabeko jarduna, komunikazio arloan
guttieneko gastuak, ez izatea energiaren zati bat berdea eta bertzea zikina…
Dagoeneko Lleida aldean energia ekoizpen egitasmoa abiatzekotan dira, plaka
fotovoltaikoetan oinarritua eta, denborarekin, minieolikoetan, bigoasean eta
biomasan oinarrituriko egitasmoak gauzatu nahiko lituzkete. Bertzalde,
kotsumitzailearendako prezio aldetik berdintsu ateratzen dela ohartarazi zuen.
Akitzeko, kooperatibako kide egiteko edo informazio gehiago jasotzeko helbide
hau eman zuen: energiagara@somenergia.coopeta webgune hau www.somenergia.es ere bai.