Baztango Udal Plan berria

Baztango udaletxeak Udal Plan berria egin ahal izateko lehendabiziko urratsak eman ditu, eta, horrela, Planaren idazketa lehiaketa publikora atera du. Ukitzen ari garen gaiaren garrantziaz ohartzeko, kontuan hartu behar da Udal Planak baztango hiri- garapena edo garapen urbanistikoa ondoko hamar urtean antolatzen duela. Hau da, Plan honetan, bertzeren artean, hirigarriak eta ez hirigarriak izanen diren eremuak zehaztuko dira, eta,  zehaztapen horien arabera, ondoko hamarraldirako Baztanek izanen duen bilakera baldintzatuko da. Horrela, adibidez, Plan horretan zenbat etxe eginen diren erranen da, nolakoak izanen diren etxe horiek (familia bakarrekoak, pisuak…), etxebizitzen dentsitatea eta azpiegituretako eremuak zein izanen diren… Urteroko aurrekontuekin batean Udal Plana da udaletxe batek duen eginkizunik garrantzitsuenetakoa, beraz, aski kontu handiarekin egiteko gauza da.


Oraingo Udal Planak 2002koa ordezkatuko du, hortaz, berria egitekotan diren honetan, zentzuzkoa eta bidezkoa da aitzinekoari buruzko gogoeta ttipia egitea. Aitzineko Udal Planak ezker abertzalearen kritika izan zuen, egonkortze demografiko aldian 1665 etxebizitza egitea aurrikusten baitzuen. Udal Plan horrek izaera arrunt hedakorra zuen, eta funtsean, zera erakusten zuen: herritarren interesen gainetik, sustatzaileen eta eraikuntza enpresen neurrira egina zegoela. Guzti hori higiezinen burbuila aldian eman zen. Alta, ordurako datuak aski argigarriak ziren, zeren 2001eko zentsoaren arabera Baztanen 850 etxe hutsik zeuden (bizitegien %23), eta 520 (bizitegien %14) bigarren etxebizitzak ziren. Geroztik kopuru horiek handitu direla begibistakoa, nahiz eta datuak oraino ez diren eskuragarri. Aldi berean, urte horretan etxegintzan zuzenean aritzen zen baztandarren kopurua 409 langilekoa zen (populazio okupatuaren %13,1). Ondorioak agerikoak dira: diru-goseek sektorea nolanahi hanpatu dute eta orain katakrak egiterakoan langileak eta herritar arruntak dira hori ordainduko dutenak, lurraldearen artifizializazioa bulkatu dute, baita lurraldearen gaineko espektatiba ekonomikoak handitu ere, eta, hori gutti ez balitz, etxebizitzaren beharrari ez diote aterabiderik eman, jendeak zorpetzera bulkatu baitituzte… Interes pribatu batzuen alde itsuki aritzeak, baztango geroa kinkan utzi du, eta zoritxarrez, baztango udal desberdinak horretan aritu direla salatu behar da.
Gauzak horrela, eta oraingo Udal Plan berriari buruz, baztango ezker abertzaleak guttienezko irizpide hauek proposatzen ditu, herriko eragile desberdinekin elkarlanean Udal Plan herritar, sozial eta iraunkorra egiteko:
1.      Etxebizitza duina segurtatu herritar guztiendako.
2.      Herritarren parte hartzea segurtatu hirigintza eta etxebizitza politikaren diseinuan. Eginahal horretan, herrietako batzarreek zer erran handia eduki beharko dute, eta horretarako Baztango Batzar Nagusiaren jarduera arautzen duten ordenantzak aldatu behar dira.
3.      Gaur egun eraikita dagoen parkean eragin. Etxe berriak egin baino lehen, daudenak erabili, birmoldatu e.a.
4.      Etxe hutsen erabilera bulkatu.
5.      Alokairuko etxebizitza publikoari lehentasuna eman; alokairu publikoak bizitegia edukitzea segurtatzen baitu; merkatuaren eta jabego pribatuaren gainetik jartzen duelako etxebizitza.
6.      Ahalmen ekonomiko ttikia dutenendako, etxebizitzarik edo segurantzarik gabe bizi direnei aukera eskaini eta bizitegi eskubidea segurtatu.