Prentsa ohar baten bidez, UPNren gobernuaren murrizketek baztandarren funzionamenduan duten eragina eta Baztango UPNren oztopoak salatu dituzte:
Baztango
udalak hemendik guttira 2013ko udal aurrekontuen lanketa hasiko du, hortaz,
hasi aitzinean beharrezkoa da Nafarroako Gobernuaren mozketak udal mailan
izanen dituzten ondorioak baztandar guztiek jakitea. Horregatik, Baztango udal
gobernuak baztandar guztiekin bildutako datu
hauek partekatu nahi ditu, betiere jakinik, Nafarroako Gobernuaren aurrikuspen faltarengatik eta Madrilgo
Gobernuari buruzko menpekotasunarengatik, murrizketa berriak etengabe etortzen
direla; eta, hori, udaleko lana antolatzeko tenorean bertze arazo
gehiagarria dela.
HEZKUNTZA:
Nafarroako Gobernuak eskolen mantenimendurako
laguntzak murriztu ditu, baita
eskoletako obrak egiteko ere. Horrela, Azpilkuetako eta Arizkuneko eskoletako teilatuendako ez digute
hitzartutako %65eko dirulaguntza eman.
Horren ondorioz egoera makurrenean zein zegoen kontuan hartuta Azpilkuetakoa
bakarrik egin ahal izan dugu eta haren kostua Baztango Udalak osoki bere gain hartu du.
GIZARTE
ZERBITZUETAN:
ETORKINAK
Baztango
Udalak esparru honetan lan egiteko hainbat ekintza planteatu zituen (tailerrak, aste hiperkulturala, ikastaroak…etab.)
eta hauek egiteko 38.000 euroko
aurrekontua zuen proiektua aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuan. Abuztuaren 16an
Nafarroako Gobernuak eskutitz bat bidali zuen, dirulaguntza hau desagertzen zela erranez, beraz, proiektuan
bildutako ekintzak ezin izan dira egin.
ENPLEGU
BABESTUA
Enplegu
Babestuko proiektuan %50eko murrizketa
izan da. Honek suposatzen duena: 8 langile kontratatzetik 4 langile
kontratatzera pasatu gara.
GIZARTERATZE
ERRENTA
Gizarteratze
errenta, familiak bertzelako prestazioak
agortu dituelarik ematen den dirulaguntza da, oinarrizko beharrak
hasetzeko. Gaur egun, gizarte zerbitzuetatik eskaera bidaltzen denetik,
familiak prestazioa kobratzen duen arte 5 hilabete pasatzen dira; horrek erran
nahi du, familia, inongo diru sarrerarik
gabe egoten dela hilabete guzti horietan. Hasiera batean 52 eskaera izan
ziren, paperik gabe daudenak eta bi urte kobratzen aritu direnei kobratzea
ukatzen zaienez, momentu honetan 20 lagun dira Baztanen gizarteratze errenta
jasotzen dutenak.
ZAINKETA:
Etxean
zainketa lanetan aritzen direnentzat zeuden dirulaguntzak ere murriztu dira
kasu larrienetan %66ra iritsiz. Ezintasuna
duten jendeendako laguntza teknikoa lortzeko, hau da, ohatze bereziak e.a. laguntzak desagertu dira. Haurra sortzen
deneko laguntzak eta 3. haurra izateagatik zeuden laguntzak ere desagertu
dira.
EUSKARA:
2001ean
727.344,76 euroko diru laguntza eman zuen gobernuak Euskara zerbitzua zuten
udalen artean banatzeko.
2012an 109.171,41 euroko laguntza eman du, kontuan
hartuz Euskara zerbitzu gehiago sortu direla, dirulaguntza, 10
urtean % 85 jaitsi da.
Euskal komunikabideena %100
jaitsi da, aurten ez baitute xentimorik eman.
KULTURA:
Folk Ametsetan antolatzeko dirulaguntza
desagertu egin da Baztango udalak 4000 euro inguru hartzen zituen hortik. Arte eta Kulturatik bertze 6000 euro
inguru hartzen zituen eta joan den urtekoa orain kobratu dugu. Zonaldean diren
entitateekin mantendutako koordinazioetan 2012an jasandako murrizketek entitate
bakoitzarengan izandako eraginak jaso ditugu jendarteari entitate hauen
egoeraren berri zabaltzeko eta murrizketek arlo desberdinetan (osasunean,
hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan…) duten eraginen kontzientzia zabaltzeko.
Tasubin s.a Elizondotik aipatzen
dute kobratzea tokatzen zaien diru-laguntzak atzerapen handiarekin iristen ari
direla, sei hilabeteko atzerapenera iritsiz eta urterokoak diren diru laguntzak
martxoan kobratzetik ekainean kobratzera pasa direla.
Eguzkilorek
egoera berdina jasaten duela adierazten du nahiz eta ez da atzendu behar
bolondres gisa lan egiten duen emakume talde batek osaturik elkartea dela.
COCEMFEren
kasuan ordea langilego kontratatua asko jaitsi behar izan dutela zehazten dute,
4 langiletik langile bakarrera pasaz eta beraz tokian tokiko atentzio
intentsitatea murriztu behar izan dute erraten zutenez zonaldean udaberri
ondotik ez dira etorri.
Xaulitik
etorkizuna beltz ikusten dutela aipatzen dute, dirulaguntza askoren deialdiak
oraindik publikatu gabeak daudelako eta publikatuen artean bai entitate publiko
zein pribatukoak izan, banatzeko zegoen
diru kopurua asko murriztu dute eta baldintzak gogortzearekin kanpo geratzen
ari dira; beraz, beraiek jasotzen dutena ere nabarmenki murriztu da eta urteko
aurrekontu minimora iristeko zailtasun larriak izango dituzte.
Bidelagunetik zenbaki
zehatzak aipatu gabe, bolondreserako dirulaguntzak aunitz murriztu zaizkiela
aitortzen dute eta deialdien baldintzak ere zorroztu eta zaildu egin direla
aipatzen dute. Ordainketen atzerapena ere sumatzen dute eta entitate honetan
ere 5-6 hilabeteko atzerapena dago zenbait kobraketerako.
Anasaps-Dizdiran
Nafar Gobernuko dirulaguntza %30 murriztu zaie. Elkarteen sustapenerako
dirulaguntza izan da Dizdira delegazioan gehien eragin duen dirulaguntza,
hortaz alokairua ezin ordainduta Doneztebeko Udalarekin akordio bat sinatu
berri dute eta bulegoan egiten den arreta zuzena lanaldi erditik laurdenera
pasa behar izan dute. Honek arreta denbora gutxitu du eta beraz zerbitzuaren
kalitatean eragina duela ere adierazten duten.
AFINAtik
azpimarratzen dute diru kopuru gutxiagorekin izan bada ere beraien eskaintza
mantentzea lortu dutela eta bazkideen kuota igo gabe izan dela. Beraiengandik
jasotako informazio xehetutik ondoriozta daiteke, deialdiek ez dituztela epeak
errespetatu eta balorazioa asko atzeratzean entitatearengan ezjakintasun
egoerak sortu direla ez baitute aurreikuspenik egiteko aukera askorik izan.
INGURUGIROA
ETA NEKAZARITZA:
Azienda
lehiaketen dirulaguntzak %100 desagertu
dira eta aurtengo nekazaritza azpiegituretako
dirulaguntzaren deialdia ez da atera. Dirulaguntza hauek pistak konpondu,
bazkalekuak mantendu, itxierak egin, hiltegia eta horrelako gauzetako
erabiltzen dira. Joan den urtean Baztango Udalak 300.000 euroko gastua egin zuen
arlo honetan eta horren 50% Nafarroako Gobernuari dagokio.
Lau
urteko planari dagokionez erran behar dugu hainbat bilera eta salaketa egin
ondoren lortu dugula Nafarroako Gobernuak Iruritako uren goi-hornidurako proiekturako dirulaguntza bideratzea, 250.000 euro
inguru. Baztango udalak, lan hori egiteko urte
hasieratik berari dagokion diruaren zatia prest duela aipatu beharra dago. Hala
ere, Nafarroako Gobernuak bideendako eta Amaiurko
ur depositoarendako dirua oraindik ez du eman. Baztango Udalak bere aldetik
dagokiona eginen du hauek egin ahal izateko.
Baztango
Udaletik salatu nahi dugu UPNk Baztango
Udaleko eguneroko funtzionamenduan jartzen ari den oztopoa. Behin eta
berriz Udalak gehiengoz hartzen dituen
erabakiak helegiteen bidez gelditzen saiatzen ari da Nafarroako
Administrazioko Auzitegian. Aipatutako helegite gehienak galtzeko edo benetazko
eraginik ez dutela jakin arren UPNk helegiteak behin eta berriz sartzen ari da
Udaleko bulegoetako lana oztopatuz eta
herritarrei ematen zaien zerbitzu eta erantzunetan atzerapenak haundiagotuz.
2011ko
ekainetik 9 helegite jarri ditu UPNk
gai desberdinen inguruan. Horietatik bietan bakarrik eman zaio arrazoia eta
beste batean erdizka. Bi oraindik erabaki gabe daude eta beste 4etan udalari
eman diote arrazoia. Aipatutako bi horietan ohiko osoko bilkura bat 5 egun
aurreratzeagatik jarritakoa da eta bestea UPNk itzuli beharreko asignazioena,
azkenengo hau ez da mugiezina eta
errekurritzeko aukera aztertzen ari gara. Galdu diren horietan daude, Canteras Acha-ri Baztango Batzar
Nagusiak emandako anpliazio baimena, Giltxaurdi
Enpresa Publikoa sortzeko akordioa, Zerbitzu
Sozialetako langileen kontratazioa eta asignazioen inguruan egin zen
ebazpenarena. Erabaki gabe dauden bi horietan bilera baterako korreo
elektronikoa 48 ordu baino lau minutu
beranduago deialdia bidaltzeagatik da.
Argi
gelditzen da UPNk eztabaida politikorako
gaitasun ezak eta proposamen
faltaren ondorioz polĂtika auzitegien bidez eta egunkarietako portaden eta
berrien bidez egiten ari dela Udalaren
funtzionamendua oztopatuz eta Baztango herritarrak zuzenean kaltetuz.