Historikoki euskara Baztango berezko hizkuntza izan da eta egun ere baztandar gehienen ama hizkuntza eta erabilera usuko hizkuntza da.
18/1986 Foru Legeak, abenduaren 15ekoak, Euskarari buruzkoak bere bortzgarren artikuluan, Baztan euskara, gaztelaniarekin batera, ofiziala duten Nafarroako udalerrien artean sartu zuen.
Baztango Udalaren xedea udaleko zerbitzu guztietan euskararen erabilera arautzea eta udalerrian euskararen erabilera sustatzea da, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta Baztango nortasuna eta ondasun kulturala babestu eta sendotzearren.
Xede hori duela, Baztango Udalak euskararen erabilera bereziki begiratuko du, hizkuntza horren aldeko egintza jokatzeko irizpidea duela, Udalerrian ofizialak diren bi hizkuntzetatik euskara baita, tokiko hizkuntza berezkoa izanda ere, hainbat gizarte esparrutan ahulena eta sustapen berezia behar duena bertze hizkuntza ofizialaren egoerarekin berdinduko bada.
Baztango Udalak araudi hau prestatu du aipatu xedea erdiesteko tresna egokia izanen delakoan eta, horren eraginkortasunaren mesederako, Ordenantzaren forma juridikoa eman dio.