Elizondoko Foruzain komisaldegi berriaren lanak hasi berri ditu Iruña construcciones enpresak, Nafarroako Gobernuak egindako lehiaketa publikoan eraikuntza lanak enpresa horri esleitu eta gero. Azpiegituren lizitazio kostua 909.500 eurokoa da, (151.328.067pzta.), eta, aurrikuspenen arabera zortzi hilabete eta erdiz eginen dira.
Foruzainen komisaldegi berria Erabeta aldean eginen da, Menditturri karrikaren bazterrean baztango udaletxeak utzitako 4.582 m²ko lurzatian.
Komisaldegi berrirat hamar foruzain gehiago batuko dira. Bertzalde, eraikuntzaren ondoan helikopteroak lur hartzeko egitura prestatuko dute. Komisaldegia N-121-B errepidean egiten diren sahiesbide berriari zuzenean loturik egonen da, eta nafarroako mendialde osoari eskainiko dio zerbitzua: Baztan, Bortziriak, Malerreka, Leitzaran, Odieta, Ultzama eta Anue, 25.000 biztanle ingururi hain zuzen.
Baztango udaletxeak Nabai eta UPNren adostasunarekin komisaldegi berria egitea onartu bazuen ere, herritarrak lehen unetik aurka agertu ziren. Horren erakusgarri dira 2009ko udan 500 lagunek Elizondon egin zuten manifestaldia edo Elizondoko Herriko Batzarrak egitasmoaren aurka hartutako erabakia; halaber, auzotarrek hainbat elkarretaratze eta ekimen burutu zituzten, 759 sinaduren bilketa barne. Haatik, udaletxeak herritarren iritziari bizkarra eman eta inposaketaren bidetik aitzinerat egin zuen. Aipatzekoa da, bertzalde, Elizondon zehazki, eta Baztanen orokorrean dagoen polizi presentzia neurrigabe eta itogarria.