Azken egunetako gertakariek argi adierazi dute: sektore ezkertiar eta abertzaleen arteko elkarlana beharrezkoa da eta herritarrek hala eskatzen dute. Horren lekuko izan da iragan Nafarroaren Eguna,abenduaren 3a, non ehunka herritar kalera irten ziren Nafarroa alternatiboaren alde eginez.
Goizean Orreagara Fundazioak ehunka lagun bildu zituen eta ekitaldi baten bitartez Nafarroako konkistaren 5. urtemugaren harirako batailan indar metaketaren beharra aldarrikatu zuen. Eta arratsaldean, ostera, Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen herri ekimenen deialdiari jarraiki ia 2000 herritarrek negu gorri eta elurtuari aurre eginez Iruñeko kaleetan bat egiteko deia luzatu zuten.
Horixe baita Nafarroa fase politiko eta sozial berri batean murgiltzeko bidea, ekintza bateratua. Horrela adierazi dugu azken hilabeteotan eta horixe da ere herritarren sentimendua. Berriki publikatutako Navarrometro-ak berak agerian utzi zuen jendartearen %68ak aldaketa politiko eta soziala beharrezkoa ikusten duela, eta horretarako zalantzarik gabe sektore ezkertiar eta abertzaleon ekintza bateratua premiazkoa da.
Hori dela eta iragan azaroan Nafarroa XXI proposamen elektorala kaleratu genuen, eremu politikoan oihartzun handia ekarri eta erreakzio positiboak sorrarazi zituena. Ondorioz, Nafarroa XXI proposamenean sakondu asmoz eztabaida saioa antolatu dugu indar metaketa horren oinarri programatikoak marratzen hasteko, familia politiko ezberdinak parte hartzea espero dugun eztabaida saio irekia. Iruñeko Karlos III. Zinematan goizeko 10.00tan emango diogu eztabaidari hasiera eta bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu ezkertiar, abertzale eta fase politiko berriak ilusionatu duen herritar orori.
Honakoa bide luze eta aberasgarri baten lehenengo urratsa izan daiteke Nafarroan; sektore ezkertiar, aurrerakoi eta abertzaleak bilduko dituen bide berria, jendartea fase politiko eta sozial berri batera eramango duen bidea. Ekin diezaiogun bideari.
Nafarroan, 2010eko abenduaren 9an