Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan aurrera darraien murrizketengatik protesta egiteko hainbat eragilek antolatutako manifestaldiarekin bat egiten du ezker abertzaleak:
Gutxien dutenei kendu, gehien dutenek gehiago izan dezaten. Horrela labur genezake Nafarroako 2011ko aurrekontuek ekarriko dutena. Hurrengo astean UPNk aurkeztu duen Aurrekontu Egitasmoa, PSNren babesarekin, onartuko da. Azken asteetako antzerkiaren ondotik, beste behin ere Madriletik bideratutako neurri antisozialak eta patronalaren aginduak herritarren beharrei gailenduko zaizkie.
Krisialdiaren aurrean neurriak hartu eta inbertsio publikoa eta soziala bultzatu beharrean, nahiago dute horrelako erabakiak hartzea:
- Beren poltsikoak betetzen jarraitzeko, desarrollismo basatia: AHT, Nafarroako ubidea, Zilbetiko harrobia...
- Zerga-politika neoliberala, diru-sarrera handia dutenen eta enpresarien mesedetan.
- Errausketa dakarren hondakinak kudeatzeko ereduaren inposaketa.
- Porlanari lehentasuna, gastu sozialen kaltetan; hezkuntza, osasungintza...
- Euskara baztertu
Aurrekontu politika hau goitik behera aldatzea beharrezkoa da. Beharrezkoa da sistema hau aldatu eta justizia sozialean, ondasunaren banaketan, eredu fiskal aurrerakoi batean eta sektore publiko egonkorrean oinarritutako eredua eraikitzea. Lanaren banaketan oinarrituko den eredu ekonomikoa, eredu patriarkala errotik aldatuko duena, lurralde antolaketa orekatua bultzatuko duena, eta ama lurraren errespetuan eraikiko dena. Gutxiengo pribilejiatu baten aurrean, gehiengo baten behar sozialak betetzea ipar orratz gisa izango duena.
Honengatik guztiarengatik, Ezker Abertzaleak Nafarroako herri eragile eta sindikatu ezberdinek datorren larunbaterako Aurrekontuak: herriak erabaki, herriarentzat! No a los recortes en los presupuestos de Navarra lelopean iragarritako manifestazio deialdiarekin bat egiten du. Guztion artean beharrezkoa den ezkerreko erantzuna eman dezagun eta horrelako izaera erreakzionarioa duten aurrekontuen aurka gaudela ozen entzun dadin.
Nafarroak behar duen aldaketa ezin da etorri ajenda neoliberala bultzatzen dutenen eskutik: PSOE/PSN, UPN/PP, PNV. Ezker abertzaleak, eredu antidemokratiko ete menpeko honekin amaitzeko bere konpromisoa berretsi nahi du, aldaketa politiko eta sozialerako beharrezkoa den abertzale eta ezkertiarron arteko indar-metaketa helburu.
Iruñean, 2010eko abenduaren 14an