Aralarrek indar metaketari emandako ezezkoaren gaineko ezker abertzalearen balorazio sakona da hau. Testuak 3 atal ditu: Aralarrekin izandako bileren testuingurua, bilera horien edukiak, eta azkenik, aurrera begira akordioak erdiesteko gure borondatearen berrestea:
Azaroak 14-urtarrilak 5
50 egun igaro dira azaroaren 14ean ezker abertzaleak akordio elektoral bat erdiesteko bere proposamena egin zuenetik. Nafarroa XXI, akordioa erdiesteko bitartekoa izan da hasieratik, protagonismo faltsuetatik urrunduta eta helburu bakarrarekin: Nafarroan aldaketa politiko, ekonomiko, sozial eta instituzionalari bide emango dion eragile elektoral bateratu bat erdiestea.
Egun dauden koalizioen haustura bilatzetik aldenduta, akordio elektoral zabala egingarri egingo lukeen edukien gaineko eztabaida sustatu nahi izan dugu. Nafarroan aldaketa gauzatzeko berme bakarra esparru ezkertiar eta abertzale osoa metatzea dela uste dugulako. Ez dugu gutxitze lana egin nahi izan, gure asmoa gehitzea izan da.
Gure posizioa argia izan da hasieratik: subjektu berria osatzea hobe dela pentsatzen badugu ere, hau ez da inoiz oztopo izan akordio elektorala erdiesteko. Ezkerreko oinarrietan eraikita badago, Gernikan hitzartutako Bake bidean akordioa barne biltzen badu eta Euskal Herriaren artikulazioarekin konpromisoa badu, subjektua Aralarrek eta EAk jarri dezatela.
Hamarnaka eragilerekin eta ehunka lagunekin bildu gara gure proposamena azaldu eta eztabaidatzeko. Edukien gaineko akordioa errazteko dokumentu bat idatzi dugu, Karlos III. zinemetan aurkeztu genuena abenduaren 11an. Publikoki hitz egiteko aukera izan dugun bakoitzean akordio zabal bat erdiesteko dugun borondate osoa adierazi dugu, hori baita fase berri bat ireki dezakeena.
Jaso ditugun ekarpenen gehiengoak ezkerreko eta abertzalea den sektore herritar zabalen ilusio adierazten du, bai eta egindako proposamenarekin dagoen sintonia. Beraz zergatik itxi nahi du aukera Aralarren exekutiboak? Zergatik aukeratzen dute zatiketaren bidea?
Aralarrekin negoziaketa politikoa
Ezker abertzalea eta Aralar lau aldiz bildu dira abenduan akordio elektorala erdiesteko aukera aztertzeko. Hasieratik hainbat aldagai argi geratu dira:
1- Aralarren ezezkoa subjektu berri bat sortzeko, honen aurrean ezker abertzaleak subjektua arazoa izango ez dela jakinarazi zielarik, baldin eta edukien gainean akordioa egotekotan
2- Bi aldeek akordioa erdiesteko ezinbesteko hausnartu dituzten aldagaiak. Egindako bilkuretan 3 idatzi egon dira: ezker abertzalearen Nafarroa XXI-oinarri programatikoak, Aralarrek eginiko 3 gaien inguruko idatzia, eta ezker abertzaleak Aralarren idatziari eginiko ekarpenak.
3- Bilkuren izaera diskretua Aralarren borondateari jarraituz, konpromiso hau urtarrilaren 5ean burututako agerraldi publikoaren bidez hausten duen arte.
Bilkura hauek ezker abertzaleak idatzitako eta ordurarte alde biek aurkeztutako ekarpenak jaso nahi dituen dokumentu bati ematen diote bide, abenduaren 30ean ematen dieguna. Zirriborroa bere exekutiboan aztertua izateko eskaria egiten du Aralarrek, eta testuinguru horretan, edukien gaineko elkarrizketa hasten ari denean hain zuzen ere, Aralarrek elkarrizketaren atea ixten du.
Honengatik eta Aralarrek ezetz esateko erabili dituen argudio faltsuengatik, ezker abertzaleak aipatu dokumentu-zirriborroa publiko egin nahi du. Beraz, hauek dira Aralarreko exekutibak onartezinak hausnartzen dituen edukiak, akordio bat erdiestea ezinezko egiten duten “ezberdintasunak oinarrizko gaietan”.
Eskenatoki politiko berria
Tesitura honen aurrean, Nafarroako esparru ezkertiar eta abertzale osoaren artean akordio elektoral bat erdiesteko dugun borondatea berretsi nahi dugu. Akordio elektoral bati ateak ixten ez dizkiogula esateaz gain, gaur, hurrengo foru hauteskundeetan mota honetako akordio bat egonen dela jakinarazi nahi dugu.
Aralarreko exekutiboa, egiten ari den akats politikoaren tamainaz konturatu dadila espero dugu. EAJ izatea Aralarren betoa txalotu duen eragile bakarra, hausnarketa burutzera eraman beharko lituzke. Aralarren zuzendaritzak hartutako erabakia berriz pentsatu eta aldaketa politikoa eta soziala gauzatzeko abertzale eta ezkertiarren arteko ekimen bateratuak bultzatzera buelta dadila nahiko genuke.
Aipatu esparrua metatzeko lanean jarraituko dugu, hori delako ezkerrekoa eta abertzalea den herritarren gehiengo batek nahi duena. Ziurtasun osoa dugulako horrelako akordio batek babes nabarmena izango duela. Eta finean, hori delako Nafarroako jendartearen aurrean berresten dugun konpromisoa.
Aldaketa politikoa eta soziala beharrezkoa eta egingarria da. 2011ko foru hauteskundeek ezkerreko aldaketa politikoa eta soziala, Euskal Herriaren artikulazioa eta gure herriak bizi duen Prozesu Demokratikoa babestuko dituen eragile elektoral bateratua izanen dute.
Iruñea, 2011ko urtarrilak 8
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina