BAZTANGO UDALAK 2011rako AURREKONTUA ONARTU DU, IAZKOA BAINO %12,21 TTIPIAGOA

(ttipi-ttapa aldizkaritik hartutako berria)
Baztango udaletxeak atzoko udalbatzarrean 2011rako aurrekontu orokor eta bakarra onartu zuen, NaBairen aldeko 7 bozkekin eta UPNren aurkako 5ekin. Ezker abertzaleko zinegotziak legez kanpo egoterakoan ez zuten parte hartu ahal izan. Aurrekontua 8.723.034 eurokoa da, sarrera eta irteera orekatuekin eta aitzineko urtekoa baino %12,21 ttipiagoa. Kopuru horren barnean Ikastolako 622.004 euroak daude, baita zahar-etxeko 120.300 euroak ere. Gastuetako partida nagusia ohiko ondarea eta zerbitzuendako da (2.405.803 euro), ondotik, langileen gastuari dagokiona letorke (2.191.460 euro), eta, inbertsio errealena (1.831.900 euro). Sarrerei buruz, kopuru handiena ohiko transferentziena da (2.977.550 euro), zerga zuzenak berriz bigarren kopuru handiena da (1.973.000), ondotik datoz transferentziak eta bertze sarrerak (1.730.485 euro)

Inbertsioak

Inbertsioen atalean udaletxeak 546.000 euro finantziatu beharko ditu. Nagusienak hauek izanen dira: Elizondoko ur-horniketaren lehenengo fasea 770.000 eurokoa eta bere osotasunean lagundua dagoena (%80 Nafarroako Gobernua eta %20 Iturri Ederra); 300.000 euro oihan lanetarako (Nafarroako Gobernuak %80 eta CANek %4); zaborrarendako kamioi baten erosketa, 213.000 euro (149.100 euroko laguntza), eta tokiko nekazaritza azpiegiturak eta lanak 160.000 euro (Nafarroako Gobernuaren laguntza %51)

Udaletxeak Franzisko Xabier ikastetetxeko transformagailua kenduko du, eta, horren kostua 139.000 eurokoa izanen da. Gainera 90.000 euro Tokiko Azpiegituren Planerako erabiliko dira, ikerketak eta egitasmoak egiteko. Eskoletan egin beharreko lanetarako 50.000 euro bideratuko dituzte (Nafarroako Goberntuaren %65ko laguntzarekin); bertzalde, haurtzaindegi zaharra berritzeko 35.000 euro zehaztu dituzte, eta Gartzaingo Batzar gela berria egiteko 30.000 euro.

Lau-urteko plana

Lau-urteko planari buruz, 2012rako Zigako hilerriko lanak aurrikusi ditu, Almandozko zeharbidea, Amaiurko ur-depositoa, tokiko bideen moldaketa, Iruritako ur-horniketaren bigarren fasea, eta zabor-ontzien erosketa.

Iruzkinak