Jean Louis Harignordoquy
Baigorriarra, kasik auzo herrikoa izanik duela zenbait egun Elizondon langabezia salatzeko baztandarrek egindako manifestaldia hunkigarria kausitu dut. Nola ez, euskara hutsean beren samindura jendaurrean agertzen ikustearekin.
Lehenik, erran dezadan baztanderrek ederki egin dutela manifestaldi horren antolatzea. Zer egin Baztango ibarrean langabezia ttikitzen saiatzeko?
Ez dut biziki sinisten kanpotik jin litaikela lantegirik, salbamendua hortik datorrenik. Lanpostuak sortzekotan, bertako jendearen ahaleginetik eta elkartasunetik beharko dute sortu, Ipar Euskal Herrian badakigu horren berri.
Guk ere ez baikenuen nahi herri euskaldunak langabeziak joak geldi zitezen, tresna batzuk eraiki genituen duela 30 urte. Ez dute arazo guzia konpondu, baina aterabidearen parte bat izan dira, eta ahal dira oraindik. Laburzki, hona iparraldeko esperientzia ttikiaren berri.
1.- Elkarte bat xutitu: Hemen elkartearen helburua da bertako ekonomiaren geroa bertako biztanleek beren gain hartzea eta beren enpresa edo beren lanpostua sortu nahi dutenen diruz eta aholkuz laguntzea. Elkarteari baliabide batzuk ematen dizkiete Iparraldeko Herriko Etxe zenbaitek.
2.- Enpresentzat dirua bildu: Asko bilkura publikoei esker, biztanleriaren zati bat konbentzitu genuen kapital arrisku sozietate bati dirua prestatzera. Sozietate hori deitzen da Herrikoa. Poliki-poliki handitu da 4.200 akziodun badauzka bere baitan, eta 2.500 lanpostu lagundu ditu sortzen eta bizirik irauten.
Luzeegi ez izateko, ez dut bilatu lanpostuen sortzaile izan diren esperientzia guztien izendatzea. Nahiz eta Baztan doi bat ezagutzen dudan eta bere euskaltasun naturalarentzat baztandar zenbaiten adiskide naizen, ez doakit nire aholkatzea zer egin behar duten haraneko ekonomia hobetzeko. Iruditzen zait Baztango ekoizpenek eta berezitasunek arrakasta baluketela Euskal Herriko hiri handienetan. Auzokoen esku hartzeak ukan baitezake zerbait onik, ene irudipena da, Baztandarrak galdatuz gero, iparraldeak bere heineko laguntza ez liokeela ukatuko.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina