Antxon Mendizabalek Gara egunkarian argitaratutako iritzi artikulu aski interesgarriaren bertsio euskaratua eta laburtua da hemen eskaintzen dizueguna.
Bizitzen ari garen ekonomia, finantza, jendarte, energia, elikagai, ekologia eta zibilizazio krisiaren aitzinean, tokiko eremuetan oinarrituriko komunitatearen garapena berreskuratu eta bulkatu behar da; horrela, oinarrizko beharrak asetzeaz gain, gure boterea, kultura, bioaniztasuna eta demokrazia soziala berreskuratuko ditugu.
Krisi ekonomiko-sozialak jendarteko sektore gero eta gehiago zafratzen dituen aldi honetan, udal politikagintzaren helburu nagusia sektore babesgabeenen alde aritzea izan beharko luke. Horrekin batera, hiru norabide nagusi kontuan hartu beharko lirateke: jendarte-egitura sozializatuagoa sustatu, eremu komunitarioarekin lotuagoa dagoen bizimodua eraiki, eta petrolioaren akaberaren eta klima-aldaketaren aitzinean babestu.
a) Lehenengoari buruz udal jabegoa indartu beharko litzateke; zeren, hori, euskaldunok milaka urtetan eta berriki artio Pirinear Zuzenbidearekin izan dugun jabetza komunitario zaharraren oraingo adierazpena baita. Horrekin, adibidez, buruhausterik eta itolarririk eragin gabe herritarrei alokairuko udal bizitegia eskuratzea bermatuko litzaieke.
b) Bigarren printzipioari buruz, lehentasun sozialaren arabera antolaturiko politika garatu beharko litzateke. Aurrekontuen helburu nagusia herri bakoitzeko oinarrizko zerbitzu eta behar sozialak asetzea izanen da. Hortaz, inbertsio desberdinak, gastu arrunta eta egitasmo urbanistikoak norabide sozial horren menpe geldituko dira.
c) Hirugarren printzipioak oraingo krisiak sortutako egoera kontuan hartzea eskatzen du; horrela, udalerri bakoitzean jendarte, ekologia, elikagai eta kulturarako larrialdi-planak egin beharko dira. Gure komunitateko sektore babesgabeenekin dugun zorra kitatu beharko dugu, karbonoaren aztarna murriztu, elikagaien burujabetza sustatu, gure mintzoa eta kultura indartu eta gure bioaniztasuna berreskuratu. Ekonomia eta jendarte mailan berriz, bi, norabide nagusi aipatu daitezke:
1.- Erabaki ekonomiko-sozialak ondasun kolektiboen ekoizpenera bideratu beharko dira. Sektore publikoak ekoiztutako eta kudeatutako ondasun eta zerbitzu sozialak, ekologikoak eta kulturalak (parke publikoak, kultur-etxeak, aisiguneak…), eta, herritarrek urririk erabiltzen ahalko dituztenak. Halaber, osasun eta hezkuntza sistema publiko-komunitarioaren alde egiten dugu, komunitatearen zerbitzura dagoena. Garraio kolektiboaren alde egin beharko da, garraio pribatua murriztu edo baztertuko duena. Eta erabilera kolektiboko ondasunak ekoitzi beharko dira, hauek hirigune handietako auzoetan bereziki erabilgarriak dira: garbigailu guneak, igogailu publikoak, gazteendako bizitegi kolektiboak…
2.- Bigarrenik, aitzineko atala soldata eredu sozializatuetan txertatu beharko da; hau da, beren izaera unibertsalarengatik udalerriko biztanle guztiendako eskuragarriak direnak. Azken batean, ondasun kolektiboen eskaintza herritarren egunerokora hedatzean datza: energia, kultura, bizitegia, ura, oinarrizko zerbitzuak... Tarifa sozialak norabide horretan erdibideko urratsa dira. Helburu nagusietako bat komunitatean dauden guztiek Gizarte Segurantza ordaindu ahal izatea da. Gizarte laguntzak doakoa eta unibertsala izan behar du, eta pentsio duin baterako eskubidetik ez da inor bazterturik gelditzen ahal, eta, guttiago, euren bizi-aktiboan lan-merkatutik baztertuak izan direnak.
d) Laugarren printzipioak aztarna ekologikoa eta iraunkortasuna ditu helburu. Hemen hiru aipamen eginen ditugu:
1.- Elikagaien ekoizpenean elikagai-burujabetzaren alde eginen da. Horretarako baserrien eta ohiko ustiategiek zuten funtzio ekologiko-produktiboa berreskuratzeko planifikazioa egin beharko da. Horrela, astiro-astiro, udalerri eta eskualde desberdinen elikagai autosufizientzia bermatuz.
2.- Bigarrenik, aurkeztu dugun eskema sozio-produktiboaren osagarri gisa, jendeen arteko harremanetan, pertsonen banakotasunaren garapenean eta, eskaera eta ondasunen erabilera kolektiboan oinarrituriko txanponik gabeko kontsumo erak bulkatu beharko dira.
3.- Industria ondoko jendarteak berezkoa duen ekoizpen kognitiboaren aldeko apostua. Horretarako, komunitatearen edo kolektibo sozialaren ezagutzaren garapena bermatzeko egitura demokratikoak dituzten sistemak ezarri beharko dira, baita “soldata soziala” ere.
e) Bortzagarren printzipioa Herri Autoeraketarena da. Herritarren parte hartzea bermatuko duen sistema soziala antolatu beharko da. Eragindakoen protagonismoan eta partehartzean oinarritzen den prozesua da; eragindakoek erabakitzen dute, eta ongi egindakoek eta akatsek norberaren garapenean laguntzen dute. Langileek, langabeek, baztertuek, eta, orokorrean, interesa duten herritar guztiek eraldaketa politiko eta sozialerako subjektua sendotzen duen prozesua da.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina