Foruzainek Baztango baserrietan bakarrik dauden adineko jendeak gainbegiratzeko hartu duten erabakiari buruz, zenbait gogoeta egin nahiko lituzke baztango ezker abertzaleak:
Baserrietan bakarrik dauden adineko jendeen zainketa egiazko arazo bat da, arazo larria, modu bereko erantzuna eskatzen duena. Horretarako udaleko zerbitzu sozial eraginkor batzuk behar dira, baina hori neketan erdietsiko da NaBaik erakutsi duen axolagabekeriarekin eta, batez ere, zerbitzu sozialetako zinegotziaren utzikeriarekin; kargua hartu zuenetik oraino ez baita behin ere bildu udaleko zerbitzu sozialetako teknikariekin. Modu horretan aski argigarria da baztango udaleko zerbitzu sozialak eskualdeko gainerakoekin konparatzea, eta, Bortzirietako edo Malerrekako zerbitzu sozialen mankomunitateak baino aise gibelago daudela ikusiko dugu.
Bertzalde, maila orokorrago batean, bereziki salagarria da UPNren Nafarroako Gobernuak adibidez, oraingo krisiaren testuinguruan AHTa, azpiegitura zentzugabeak eta gisakoetan sosa gastatzen duen bizkitartean, zerbitzu sozialetako gastuak aldiro murrizten dituela. Krisi garaian sektore babesgabeenen alde egin beharrean, herritarren bidez jasotzen dituzten sosak proiektu burugabeetan gastatzen dituzte. Gero eta behar sozial gehiago daude, gero eta muturreko egoera zailagoak, eta horretarako beharrezkoa da aurrekontu publikoetan eta jarduera publikoan behar sozialak lehenestea.
Akitzeko, arazo sozialen aitzinean irtenbide polizialaren aldeko joera beldugarria eta salagarria ikusten ari gara: etorkinen jazarpena, disidentzia sozialaren kamera bidezko kontrol orokorra… Eta, orain, adineko jendeek dituzten beharrak artatu edo atenditzeko, laguntza eta zerbitzu berriak eskaini beharrean edo gizarte langile gehiago kontratatu beharrean… Polizia gehiago! Ez da bederen jende prestatuaren faltagatik izanen, gizarte arloko lanetan aritzeko jende prestatu anitz baitago, gehienak, hori bai, langabeziko zerrendetan. Haatik, nahiago dute gizarte arloan inongo formakuntzarik ez duten pertsona armatuak bidali adineko jendeak gainbegiratzera. Sistema kapitalista bere gordinenean agertzen ari da.
Baztanen 2011ko martxoaren 7an.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina