Arian-arian altxatzen da Euskal Herria

 

Irailaren 27 honetan, Txiki eta Otaegiren fusilatzeen urteurrenean, Sorturen Kontseilu Nazionalak honako irakurketa hau jendarteratu du:

“Koronabirusak tragedia erraldoia ekarri du, egungo sistema sozial, ekonomiko eta politikoaren gabeziak eta injustiziak sakonduz, eta, une berean, agerian utziz. Errepresioaren pandemiak ere jarraitzen du gurean; berriki Igor Gonzalez Sola preso politikoaren bizitza eraman du. Euskal Herritik at hartzen dira gure bizitza baldintzatzen duten erabakiak, eta nabarmena da inoiz baino beharrezkoagoa dela gure buruaren jabe bilakatzea, bestela bizitzeko, hemen eta mundu osoan.

Geroari so egin behar diogu, nondik gatozen aintzat hartuta. Bizirauteko hautua egin zutelako gaude bizirik herri gisa. Duela hainbat hamarkada Euskal Herriaren herri gisako biziraupena zegoen kolokan; batetik, diktadura frankistak erabateko asimilazioa zuelako helburu, eta, bestetik, ekonomia, jendarte eta pentsamendu mailako aldaketek berezitasunen desagerpena eragiten zutelako, frantziar eta espainiar Estatu postinperialen eskualde bilakatzeko arriskua nabarmena zela. Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu ziren gazte ero batzuk, eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak. Estatuen erantzuna errepresioa eta satanizazioa izan zen: euskal basakeria espainiar eta frantziar zibilizazioaren aurka, tortura eta estatu terrorismoa zibilizazio horren adierazpen argigarriak direla.

Borrokak bideak irekitzen ditu. Munduan izan den aurrerapen oro borroka askatzaileen ondorio da. Borroka askatzaileek hobetzen dute mundua, baina konkista sozial guztiek pribilegiatuen nagusitasuna urratzen dute, eta goikoak ez dira geldirik egoten. Borroka askatzaileen deslegitimazioa borroka bera bezain zaharra da. Indarkeria politiko batzuen gaitzespen moralistaren forma hartzen du, edo jendarte hausturaren narratiba, baina, sakonean, protesta eta beste mundu baten eraikuntza da deslegitimatu nahi dutena. Mundu osoan, eta Euskal Herrian ere bai!

Beste mundu baten eraikuntza da galarazi nahi dutena. Oraingo menderakuntzen defentsari errelatoaren lehia deitzen diote, eta batzuk amua irentsi eta moralismoaren joko zurian erori dira. Beste batzuk, berriz, badakigu zer den sakonean dagoena. Politika eraldatzailearen aukera da kriminalizatu nahi dutena, 78ko erregimena eta Frantziako bosgarren errepublika gainditu eta beste instituzionalizazio prozesuak garatzeko aukera, hots, haustura demokratikoen aukera.

Biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazte eroek, horregatik dago gure eskuetan bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahantziko. Ez ditugu inoiz ahantziko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egungo aukera berriak. Herri gisako bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak egitea!”