Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroa Lekarozko campusean

Lekarozko Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroan urtero 3.000 pertsona baino gehiago ingelesean trebatu nahi dira. 2012ko ekainean zabalduko ditu ateak, zentroa eraikitzeko lanak eta Lekarozeko campus berria urbanizatzeko lanak akitu eta gero


Nafarroako Gobernuak Lekarozen proiektatu duen Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentro berrian urtero 3.000 gazte, profesional eta irakasle baino gehiago ingelesean trebatu nahi dira. Zentroak 2012ko ekainean irekiko ditu ateak, zentroa eraikitzeko lanak eta Lekarozeko Kultura, Hezkuntza eta Ekonomia Ekimenen Arlo berriko urbanizazio lanak akitu ondoren. Hala azaldu zuen martxoaren 15ean egindako bisitaldian Alvaro Miranda bigarren presidenteordeak eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.
Era berean, Juan Carlos de los Mozos Red Leafeko (enpresa esleipenduna) merkataritza eta marketin zuzendariak ekitaldian parte hartu zuen. Bere erranetan, "xedea hizkuntzak ikasteko ‘Lekaroz’ nazioarteko marka sortzea da, hizkuntza berrikuntzaren oinarria bihurtu dadin".
Aitzinetik Lekarozko Jarraipen Batzordeak seigarren bilera egin zuen. Bilera horretan, Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroko eta urbanizazio lanetako lehiaketen esleipendunak jakinarazi zituzten.
Bi lehiaketak 2010eko abenduan deitu zituzten eta martxoaren 14an esleitu zituen SPRIN sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluak. Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroa abian jartzeko lehiaketara eskaintza bateratua aurkeztu zuten Red Leaf SL-Sedena SL enpresek, eta lanak eman dizkiete. Bertzalde, Lekarozko enpresa campusa urbanizatzeko eta sarbideak egiteko lehiaketara 10 proposamen aurkeztu ziren, eta esleipenduna Iruña Construcciones izan da, 3,8 milioi eurokoren truke, hau da, lizitazio prezioa baino %6,5 gutxiago.
Aurreikuspenen arabera, urbanizazio lanak datorren apirilean hasiko dituzte eta lanak gauzatzeko epea 30 astekoa da. Apirilean Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroa eraikitzeko deialdia egingo da, zentroa abian jarriko duen enpresak egindako proposamenaren arabera.
Lekarozko Kultura, Hezkuntza eta Ekonomia Ekimenen Arloa Nafarroa 2012 Planaren barruko proiektua da eta hiru jarduera handi biltzen ditu, 120.000 metro koadrotan: antzinako ukuiluen ingurua berrurbanizatzea Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroa ezartzeko, 50.000 metro koadroko azaleran; elizaren ingurua kultura inguru moduan berreraikitzea (11.700 metro koadro inguru); eta antzinako baratzeetan eraikuntza malguko enpresa parkea eraikitzea (49.700 metro koadro inguru).
Proiektu osorako 12 milioi euro inguruko inbertsioa eginen da. Gobernuak dagoeneko 4,1 milioi inguru inbertitu ditu (milioi 1 eraisteko, aurretiazko proiektuetarako eta azterlanetarako, eta 3,1 milioi lursailak erosteko).

Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroa
Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroan hizkuntzak egonaldi erregimenean irakatsiko dituzte. Zentroa abian jarriko duten enpresen arabera, hots, Red Leaf SL (%60) eta Sedena SL (%40) enpresen arabera, urtero zentro horretan 3.000 pertsonak baino gehiagok eginen dituzte ikastaroak eta egonaldiak. Ikastaroak eta egonaldiak irakasleei, enpresei, haurrei eta gazteei bideratuta daude, eta horientzat udalekuak eta ikastaroak urte osoan antolatuko dira. 18 urtetik gorako gazteentzat tituluak lortzeko programa bereziak antolatuko dira. Hizkuntza Ikasteko Murgiltze Zentroko gelek, bulegoek, logelek eta beste espazio batzuek 3.000 metro koadro inguruko azalera hartuko dute. Zentroa eraikitzeko lehiaketa apirilean deituko da eta lanak uda honetan hasiko dira.

Enpresa campusa
Urbanizazio lanen bidez enpresa parkea garatzeko esparrua diseinatuko da. Espazio horretan hezkuntza, kultura, kirol, prestakuntza, ikerketa, talentu arloko eta beste arlo batzuetako enpresak ezarriko dira, Moderna Planean aurreikusitako ekonomia garapenaren arlo handiekin bat etorriz. Sprin sozietate publikoak sektore horietako enpresekin harremanak hasi ditu, eta merkaturatzea aurtengo maiatzean hastea aurreikusita dago.
Bertzalde, urbanizazioaren barrenean eliza zaharberritzeko lanak ere hasiko dira. Ondoren, elizak Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuak planifikatutako kultura espazioa osatuko du.

Iruzkinak