Merezi al du herriprograma2011k Baztanen?

Elurre Iriartek eta Joseba Otondok galdera honi erantzuten diote ttipi-ttapa aldizkarian argitaratutako gutunean 

Baztango herri programa 2011

Azkeneko asteetan arlo desberdinetako herritarren artean baztango Herri Programa egiten hasi gara. Herri Programa tresna bat da, aldaketaran tresna, aldaketa sozial eta politikoaren tresna hain zuzen, baztango egoera eta udala aldatzeko erreminta herrikoia eta partehartzailea. Etsipenaren aitzinean ilusioa berreskuratu eta gauzak aldatu daitezkeela ikusi eta erakusteko modua. Inposizioan eta agintekerian oinarrituriko oraingo egoera aldatzeko, eta herritarrak oinarri izanen dituen aldaketa zehazteko; herritarrek hitza berreskuratzeko bidea. Etsipenaren putzuan kontu nahi gaituzte, itoak; krisiaren aitzinean adibidez, lan edo pentsioen erreforma bertze aukerarik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, egoera guztiak beren pribilegioak mantentzeko erabiltzen dituzte, oraingo menpekotasun harremanak indartzeko. Baztanen gauza bera pasatzen da, urteetako NaBairen eta UPNren politika bateratua aldaezina dela sinetsarazi nahi digute, etsipenean itoak nahi gaituzte. Baina Baztanen ere alternatibak egon badaude. Beharrezkoa da baztango langileak, baserritarrak, emaztekiak, langabeak, etorkinak, gazteak, xaharrak… elkartu eta herritarren neurrira egindako aldaketaren Herri Programa egitea. Inposizioak baztango historiarat pasatu behar du!


Herri Programa aldaketaren edukia da, mamia, norabidea. Herri Programa ez da errezeta magiko bat. Herri Programa bide bat da, lana da, konpromisoa da, akatsak eginez aitzinerat egiteko bidea. Herri Programa urteetan hondatutako eta gainbehera etorritako baztango egoerari buelta ematen hasteko tresna da. Alta, Herri Programa ez da hutsaren gainean eraikitzen. Azkeneko hilabeteetan ezker abertzaleak baztango egoera argitzeko diagnostikoa egin du, eta, horretarako hiruetan hogei lagunen ekarpenak bildu ditugu, hortaz, egoeraren azterketaren gainean eginen dugu. Haatik, idatzi honetan ez ditugu Baztanen inposizioak zerrendatuko, ez dugu baztango egoera etsigarria osatzen duten inposizioen zuri-beltzezko irudia errepikatuko. Hori aztertu dugu, hori hausnartu dugu, horren jakitun gara eta, horregatik, hori aldatzeko gonbidapena egitera heldu gara.

Herri Programa aldaketaran tresna da, eta herri programarekin udala aldatuko dugu. Baina aldaketak erakundeen eremu estua gainditzen du. Aldaketak bizitzako eremu guztiak hartzen ditu eta, horretarako beharrezkoa da herritarren antolaketa orokortua.
Aniztasunean bat egin eta eragin. Orain Herri Programaren tenorea da. Zure ahotsa gure hitza! Izan Aldaketa.

Elurre Iriarte Bañez eta  Joseba Otondo Bikondoa