Baztango BILDUren Santi Esarte, Garbiñe Elizegi eta Mikel Ortega |
Ondoko hamarraldian Baztango hirigintza antolatu eta egituratuko duen Baztango Udal Plan Orokorraren harira, BILDU Baztanek gogoeta eta proposamen hauek egin nahi lituzke:
- Baztango Udal Plan Orokorraren idazketa Otazu-Vegak eta Arkilekuk osatzen duten taldeari esleitu edo adjudikatu dio oraingo udaetxeak; alta, oraingo udal gobernua ez denez ondoko udal hauteskundeetarat aurkeztuko Lurralde Antolaketaren Estrategia eta Eredua (EMOT erdaraz) txostenari eman beharreko hasierako onespena ondoko udalaren eskuetan uzteko galdegiten dugu.
- Gauzak horrela, EMOTaren zirriborroak familia bakarreko etxeak bulkatzeko egiten duen apostua eztabaidagarria dela uste dugu. Horretarako, gisa horretako etxeen eskaria badagoela diote, eta bizitza kolektiboen eskaintza dagoeneko ase dela. Sozialki eta lurralde aldetik ondorio handiak dituen gaia dela iduritzen zaigu, eta eztabaida zabal eta sakona behar duela. Dudarik gabe, guzti horren konponbidea ez da lurra alferrik erabiltzen duen eta herri guneak eta eremu soziala desegituratuko dituen hiri-garapena izaten ahal.
- Gainerakoan, zirriborroaren harira, gogoetarako bertze gaia azkeneko urteetan lurzoru ez urbanizagarrian egin diren bizitzen kopurua da. Eraikuntza eredu horrek baztango herriguneetan oinarritu beharko litzatekeen hiri-garapena desegiten du, hiri-garapenaren izatea bera ezbaian paratuz. Zentzu horretan, afera horren inguruko gogoetak eta proposamenak faltan botatzen ditugu.
- Modu berean, etxe hutsen eta bigarren bizitzen gainean ohartarazi nahi dugu: 2001. urtean etxe hutsak baztango bizitzen %23 ziren, eta bigarren bizitzak %14. Zalantzarik gabe datu horiek zaharkituak gelditu dira, eta gaurgero, handiagoak izanen dira. Hortaz, hirigintzaren planifikazioak, gauza guztien aitzinetik errealitate hori kontuan hartu behar du, sozialki eta ingurugiro aldetik zentzuzko konponbidea emanez.
- Akitzeko, etxe hutsen gainean eragiteko eta etxebizitzen alokairua bulkatzeko udal ekimena beharrezkoa dela uste dugu. Halaber, baztango etxe zaharrak oraingo bizimodura moldatzeko Principe de Vianak paratzen dituen trabak kontuan hartuz, arazo horri aterabidea emateko batzorde bat sortu beharko litzateke.