Herrietako Alkateen prentsa oharra

Prentsa Oharra, Maiatzaren 20ko Osoko Bilkurarako aurrikusten den LOEE dokumentuaren (Lurraldea okupatzeko estratejia eta eredua-ren) behin behineko onarpena dela eta
Hirigintzako Informazio Iraunkorreko Batzorde Handituan (IIB Handituan) parte hartzen ari garen alkate-juratuek, Udal Plan Orokorra (UPO) aldatzeko hasi den prozesuaren inguruko gorabeherak argitu eta publiko egin nahi ditugu prentsa ohar honen bidez.
          
  UPOaren azterketa eta berritzea, herritarren ordezkarien bidez, sektore desberdinen iduriak hartuz eta orohar, baztandarren partehartzearekin taxutuko den prozesu gisa aurkezten zaigu. Erran beharra dugu, LOEE proposamena (haraneko garapenaren ildo orokorrak erakusten dituen dokumentua, eta UPOa osatzeko beharrezkoa dena) azken bileran aurkeztu zela, apirilaren 28an, aurretik inolako eztabaidatik pasatu gabe.
            LOEE proposamenaren edukia gainerako herrietako alkateei (IIB Handituan ordezkatzen genituenei) azaldu genienean, aho batez adostu genuen, herrietako alkate GUZTIEK, IIB Handitukoek barne, udal korporazioari LOEEren behin behineko onarpena legegintzaldi hontan egin ez zezaten eskatzea. Ondoko terminoetan hala eskatu zen: 1.- Uste dugu LOEEa, Baztango sektore eta gizarte eragile desberdinek parte hartuko duten eztabaida baten ondotik onartu beharra dagoela 2.- Ez dugu uste egokia denik, hauteskundeetarako hamar egun falta direnean eta hautagaiekin solastu gabe, haraneko garapenerako ildo orokorrak markatzen dituen dokumentuari behin behineko onarpena ematea”
            Eskaera hau ez da kontuan hartua izan, eta LOEEaren onarpena maiatzaren 20ko Osoko bilkurako puntu batean aurrikusten da, ez hauteskundeetatik hamar egunetara, bitara baizik, eta hau egokia ez izateaz gainera etikoa ere ez zaigu iduritzen.
            Horregatik, IIB Handituan parte hartu dugun alkate-juratuek, Basaburua, Baztangoiza, Elizondo eta Erberea ordezkatu dugunek hain zuzen, Baztango herrietako alkate guztiek korporazioari egin genion eskaera herritarrari ezagutarazi nahi diogu, eta Osoko bilkurari eskatu, oraingoan publikoki, ez dezala LOEEaren behin behineko onarpena egin, aurretik honen inguruan partehartze eta eztabaida prozesu serio bat egin gabe. Onarpena egite akatsa litzake.
            Planteatzen ari dena eztabaidarik gabeko onarpena da, eta erraten dena da eztabaidarako tartea alegazioen epea dela, onarpena egin ondotik.
            EZ DITZAGUN INTERESEN ARABERA NAHASI EZTABAIDA ETA ALEGAZIO ESKUBIDEA.
            Azkenik, eta berriz ere, argi utzi beharra dugu herrietako alkate bakar batek ere ez duela Bildu ez eta bertze alderdi politikorik ordezkatzen, NaBaiek ikustarazi nahi duen bezala. Gure herrien ordezkariak gara eta batzarreen erranetara gaude.

 Kiko Gartxitorena, Alcalde-Jurado de Berroeta, Cuartel de Basaburua
 Peio Obregozo, Alcalde-Jurado de Irurita, Cuartel de Erberea
 Xabier Ospital, Alcalde-Jurado de Erratzu, Cuartel de Baztangoiza
 Xabier Torres, Alcalde-Jurado de Elizondo, Cuartel de Elizondo