Baztango udalak, astelehen atsaldean egindako ez ohiko udalbatzarrean, udal idazkariaren postuko euskara maila zehaztu zuen, horretarako, lan talde edo plantilla organikoaren aldaketari behin behineko onespena emanez. Orain artio euskara jakitea meritua bertzerik ez zen, eta 100 puntutatik 2 bertzerik ez zituen balio; hemendik aitzinerat derrigorrezkoa izanen da. Aldaketaren alde Bilduk (5), Ezkerrak (2) eta NaBaik (1) bozkatu zuten, UPNk, berriz, kontra (4). Hortaz, aldeko 8 bozkekin eta aurkako 4rekin onartu zen.
Onartutako aldaketa bajan dagoen oraingo udal idazkaria ordezkatzeko oposizio lehiaketa berria egiteko beharrezkoa da; izan ere, NaBai buru zuen aitzineko udalak ordezkapena egiteko prozesua hasi bazuen ere, bertan ez zen euskara jakitea derrigorrezko gisa finkatzen, eta horregatik, udaleko gobernu berriak (Bildu eta Ezkerra) bertan behera utzi zuen.
UPNren aurkako bozka azaltzeko tenorean, Begoña Sanzberrok erran zuen “udaleko euskararen ordenantza bera urratzen duela; zeren aldaketa hori egiteko urrats batzuk paratzen baititu eta, horren arabera, euskara batzordeak proposatu beharko lizkioke udalari langileen hizkuntza profilak”. Bilduko Garbiñe Elizegi alkateak erantzun zion euskara zerbitzuaren txosten teknikoaz gain “ordenantzaren gainetik dagoen nafarroako euskararen legea dagoela eta, honek, udalbatzarraren eskuetan uzten duela lan talde organikoan egin beharreko aldaketak egitea”. Gainera, Garbiñek erran zuen gaur egun ez dela onartzen ahal euskaraz ez dakien udal idazkaririk Baztanen. Zentzu horretan aipagarria da Baztanen euskaraz dakitenak %80 direla eta, orain artio ez zegoela udal idazkari euskaldunik, beraz, gauza historikoa litzateke ondokoa euskalduna balitz.
NaBaik, bertzalde, lan talde osoaren hizkuntza profilen aldaketa aitzinatzeko eta asteleheneko udalbatzarrean egiteko eskatu zuen. Nahiz eta astelehenekoa ez ohiko udalbatzarra izan eta abian zegoen oposizio lehiaketa bati erantzun nahi zion; NaBaik abiatutako oposizio deialdi bati hain zuzen.