Arcelor-Mittal siderurgia taldeak Legasan duen lantegiaren jarduera heldu den hilabetearen hasieran geldituko dute, horrela, Lesakan paratu duten margoketa lerro konbinaturat moldatzeko. Betiere, ekoizpenaren bukaera lan-taldearen leku aldaketarekin eta tresnategi berriaren abiaraztearekin lotuta doa, haatik, UGTk baieztatu duenez horrek ez du erran nahi instalakuntzak hetsiko dituztenik, nahiz eta Gonzalo Urkixok zuzendaritza nagusiko kideak hori iragarri zuen
Gauzak horrela eta Baztan-Bidasoko UGTk jakinarazi duenez Legasako lantegiko 95 langileetatik kopuru ttiki bat mantenimendu zerbitzuak eta lanak egiteko geldituko da. Airean dagoen bertze afera lur-eremuaren eta instalakuntzen titularitate-aldaketarena da. Nafarroako Gobernuak eskualdeko jarduera ekonomikoa sustatzeko helbururaekin industri poligonoa egiteko inguru osoa erosi nahiko luke. Baina horren inguruko berriak gobernu berriaren osaketarengatik eta lantegiaren hetsiera datarengatik baldintzaturik daude.
Talde barnean argudiatu duten gisan, jardueraren leku aldatzea Bidasoa Planaren barnean kokatu beharra dago eta, horretarako, Lesakako hasierako faserako 25 milioi erabili dituzte. Kopuru horrekin altzairua galbanizatzeko eta margotzeko lerro konbinatua ordaindu zuten. Orain artio, lan hori Legasan egiten zen. Horrekin Lesaka eta Legasako lantegien artean dauden 25km.ko garraio kostuak aurreztu bidenabar, energia eta biltegi gastuen balantzea ere hobetuko dute; guzti horrekin kostuen murrizketa erdietsiko dutela aurrikusi zuten Arcelor Mittaleko arduradunek 2008an.