David Alegre Elizondoko bizilagunaren iritzia
Zorionak Baztan eta zorionak ezkerrekoak eta abertzaleak zareten baztandarrak. Azkenean sinisten dugun aukera politikoari bozka eman ahal izan diogu; eta, horrela, Baztan abertzalea izateaz gain, ezkerrekoa dela argi gelditu da. Hautestontziek hori erran dute eta anitzek horrela ikusi nahi dugu betiko. Erdizeko harrobiarekin ekarri nahi ziguten garapen jasangaitzari ez erran diogu. Ezetz erran diogu NaBairen eta UPNren klientelismoari, foruzainen komisaldegiaren egitasmo eztabaidagarrian, adibidez, nabarmen gelditu zena. Eta ezetz ere adreiluan eta turismoan soilik oinarrituriko hirigitza politikari, Aroztegian gertatu bezala.
Gainera, udaletxe hertsi bati eta parte hartzeko aukera guztiak mugaturik zituen udaletxeari ere ez erran diogu; eta gure ezezkoa ere, orain artio zinegotziak ziren batzuen politika prepotentearendako izan da. Ez, horrela ez.
Ezkerrekoak eta abertzaleak garen baztandarrok gauzak egiteko bertze modu bat dagoela uste dugu. Eta horrela erakutsi dugu. Hortaz gibelerat itzulirik izanen ez duen bidea egiten hasteko zilegitasuna eta gehiengo nahikoa eman diogu BILDUri.
Aldudeko errepidearen oposizioak, Erdizeko harrobiaren aurkakotasunak edo Baztan Berriko foruzainen komisaldegiak eta Aroztegiako egitasmoak izandako kontrako mugimenduak ikuspegi soziala duen jendarte baten adibideak dira; printzipioak dituena, baita kontzientzia ekologikoa, eta horregatik, guzti hori inposatu nahi diguten erakundeak ezbaian paratzeko ahalmena duena.
Baztandarrok jendarte heldu bat osatzen dugu, gero eta heziagoa. Aldiro kultura politiko gehiagorekin, eta inork engainatu ezinen duena. Garai horiek historia dira.
Hemendik aitzinerat denon etxearen ateak denondako ireki daitezela, eta modu horretan, gureganatu dezagun erran hori: ez ezazu pentsa bertzeek zugandik zer egin dezaketen, baizik eta zer egin dezakezun bertzeendako.
Ibilbide berri honetan sinisten dugun guztiok gure ekarpena egiteko tenorea da, horrela, bailara iraunkorragoa, sozialagoa, demokratiagoa eta parte hartzaileagoa eraikitzeko.
David Alegre