Udaleko hirigintza batzorde irekiaren bigarren bilkura abuztuaren 16an egin zen. Bertan, udalean ordezkaritza duten alderdiez gain, interesa duten herritarrek parte hartu ahal izan zuten.
Bigarren bilkura horretan ukitu ziren gaiak:
- Hirigintzako aholkulari berriaren aurkezpena
- Udalaren lurralde antolaketaren eredu eta estrategia txostenaren banaketa
- Erratzuko 2. banaketa areako aldaketa puntuala (hilerri ondoko hiritartzea)
- Gartzain Etxarri inguruko egitasmoa
- Almandozko eliza zaharrean etxebitzak egiteko egitasmoa
- Elizak bere izenean paratu duen baztango herri-ondarearen egoera
- Obrak egiteko eskaera eredu berria
- Elizondoko 1. banaketa arearen egoera (hondarrean puntu hau ez zen ukitu ez zelako astirik izan)
1. Hirigintzako aholkulari berriaren aurkezpena
Udaleko aitzineko hirigintzako aholkulariaren kontratua joan den maiatzean bukatu zen. Gauzak horrela, aholkulari berriaren kontratazioa, prozedura negoziatu itxi bidez egitea erabaki zen. Baztango arkitektura bulego guztiei prozeduran parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, nahiz eta jakin udal aholkularitza eta udalerrian egitasmoak egitea ez direla bateragarriak; baino, akaso, baten bat interesaturik egon zitekeen. Gainerakoan, nafarroako aholkularitza desberdinak ere gonbidatu ziren, eta bertze batzuk, bere ekimenez aurkeztu ziren, aholkularitza kontratua eskuratu duen Kristina Arregi bezala. Kristina Arregiri urte bateko kontratua egin zaio, eta horren arabera ikusiko da ze behar dauden hirigintzan eta aitzinago udal arkitektu bat beharko ote den. Kristina Arregi aukeratzerakoan erabili ziren irizpideak: esperientzia, ze lan-taldea duen, aurrekontua, zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna… Gauzak horrela herritarren harrera egunak astearteak (eguerdiko 1etatik 2:30etara) eta ortzegunak (9etatik 11etara) izanen dira. Behar izanez gero ordutegia handitu daiteke. Gainerako orduetan txostenak egin beharko ditu. Adjudikazioa alkatearen ebazpen bidez egin da, orain, udalbatzarretik pasatu beharko da.
Bertzalde, lehenagoko arkitektuak aitzineko udal gobernuak esleitu zion Udal Planaren idazketarekin jarraituko du.
2. Udalaren lurralde antolaketaren estrategia eta eredua (LAEE)
Baztango udaletxeak aitzineko legealdian Udal Plan berria idazteko prozesua abiatu zuen. Horren lehendabiziko zatia LAEE da, eta idazketaren ardura duen taldeak gaurgero zirriborroa egin du. LAEEren kopia bana banatu zitzaien batzordeko kideei Gainerako herritarrek interesa izanez gero kopia bat eskuratzen ahalko dute, horretarako aski dute udaletxean galdegitea. LAEEri buruz irailaren 13an eginen den batzorde irekian solastatuko da, bertan idazketa taldea egonen da, eta herrietako alkateak ere gonbidatuko dira.
3. Erratzuko 2. banaketa areako aldaketa puntuala
Erratzuko hilerri ondoko hiritartzean, 2006ko behin betiko erabakiaren arabera 12 lurzati egin ziren. 2010. urtean, Arroilaleku sustatzaileak, lurzati horiek zatitzeko egitasmoa aurkeztu zuen, modu horretan 18 lurzati egiteko. Aldaketa egiteko aldaketa xehatua (modificaciĆ³n pormenorizada) erabili zuten, zeren hiritartzeko fitxa teknikoan lurzatiek guttienez 750 m2 izan beharko zutela erraten baitzen. Partzelazio berriaren arabera 300m2koak ere izanen dira. Baztango udaletxeak, aitzineko legealdian,otsailean, aldaketa behin betikoz onartu zuen; ondotik, nafarroako gobernuak, ekainean, ohartaraztapenak egin zizkion: ez zegoela zehaztuta zenbat etxebizitza eginen diren, zenbat babes ofizialeko etxebizitza egin beharko diren, aprobetxamenduak, dotazioak…
Gauzak horrela, otsailean behin betiko onartu zenez ez da errekurtsorik egiten ahal, hortaz, egin daiteena hau da:
- Egin denarekin ados ez bagaude ekintzen berrikusketa egin, onartu dena baliogabetzeko.
- Dagoena bertzerik gabe onartu.
- Onartu baina sustatzaileekin hitzarmen bat egin, %50 adibidez babes ofizialeko etxebitzak izateko
Batzordean erabaki zena:
- Hasteko espediente guztia eskuratu, aitzineko hitzarmenaren xehetasun guztiak zein diren jakiteko.
- Aldi berean aztertu aldaketa egituratzaile gisa tramitatu daitekeen afera, prozesu horretan egindakoa berraztertzeko.
- Erratzuko herriarekin egon, beraiei informazioa eman eta ia zer dioten.
Hiritartze honekin lotuta, 2007. urtetik sustatzaileek hiritartze probetxamenduarengatik 90.000 euro zor dizkiote udalari. Aitzineko udalak ordainketaren luzamendua eman zien, baina eperik paratu gabe. Sustatzaileek gainera ez zuten abalik eman. Udaletxea aldatuta, tarrapataka joan dira abala ematera. Orain udaletxeak ordainketa epea zehaztuko du.
Infomazio osagarri gisa aipatzekoa da baztango udal planean ez zela inguru horretan etxeak egitea aurrikusten, izatez, baso lurzorua baitzen, urbanizaezina. Bere garaian Erratzuko batzarra birkalikazioaren aurka agertu zen, alegazioak ere aurkeztu zituen, nahiz orduko udaletxeak sustatzaileen alde egin zuen.
4. Gartzaingo Etxarri
Gartzaingo Etxarri auzoan, aitzineko legealditik heldu den egitasmo bat dago. Lurzati urbanizaezin baten jabeak, bere lurzatia hirigarrian bihurtu ondotik, lurzati horretan zuen eraikitako etxea bota nahi du, zati hori banatu eta bertatik bertze bi lurzati eraikigarri egiteko. Prozesuan hainbat gora behera izan dira, espediente osoa eskuratuko da, afera egiazki zertan dagoen ikusi ahal izateko.
5. Almandozko eliza zaharrean etxebizitzak egiteko egitasmoa
Almandozko eliza zaharra dagoen lurzatia artzapezpikuak bere izenean paratu du. Bertan etxebizitak egin nahi dituzte eta egitasmoaren sustatzaile publiko gisa herriko apeza ageri da. Aitzineko udalak lurzatiaren erabilera aldatzeko aukerari hasierako onespena eman zion bertan eraiki ahal izateko. Nafarroako gobernutik ohartarazi zuten egitasmoan ez zela zehazten zenbat etxe eginen diren, zenbat BOE e.a. Udalak arkitektuaren txostenik gabe tramitatu zuen afera. Abuztuaren hasieran Principe de Vianaren txostena iritsi da, erranez elizaren hondarrak ez direla botatzen ahal. Apezak erraten zuen herrian etxeak egiteko beharra zegoela eta behar horri aterabidea eman nahi ziola.
Gogoeta gisa, herriko beharrak herriko batzarrak kudeatu beharko ditu, eta lurzati berriak birkalifikatzen hasi baino lehen Udal Planean eraikitzeko aurrikusita dauden lurzatiak eginkizun horretarako erabili.
6. Elizak bere izenan paratu duen herri-ondarearen egoera
Nafarroako artzapezpikutzak baztango herrietako hainbat ondare bere izenean paratu du: elizak, ermitak, apezen etxeak, lurzatiak… Zerrenda alimalekoa da. Aitzineko udalak elizaren izenean paratutako ondarearen zerrenda egin zuen, baina geroztik pausu gehiagorik eman gabe. Batzordean gaiaren inguruan solasaldia egitea erabaki zen, nafarroaren ondarearen defentsarako plataformako kide bat eta elizaren bertze ordezkari bat gonbidatuz. Solasaldiaren hitzordua udalak finkatuko du.
6. Obrak egiteko eskaera eredu berria
Aholkulari berriak eta udaleleko hirigintzako arduradun politikoek obra eskaerak egiteko eredu berriaren zirriborroa aurkeztu zuten, erabilgarriagoa eta eraginkorragoa izan nahi duena.