Baztango Udaleko prentsa-oharra Oharrizko harrobiaren ustiapena gelditzeari buruz


Baztango Batzar Nagusiak Oharrizko harrobiaren egoera aztertu zuen irailaren 1ean egin zuen bilkuran.
- Arraioztik Elbetera egiten ari den saihesbideari buruzko proiektuan lurraren azterketan egondako akatsak direla eta, Nafarroako Gobernuak Baztango Udalari baimena eskatu zion Oharrizen zegoen zabortegiko lur eremuan 1,64Ha ustiatzeko.
-Virginia Alemanek Baztango alkate ohiak, 2010eko uztailaren 23an egindako ebazpenaren bidez, lur eremu hori ustiatzeko baimena eman zion Nafarroako Gobernuari, nahiz eta beranduago onartu baimen hori emateko eskumenik ez zuela. Izan ere, lur komunala izanik, Batzar Nagusiari dagokio baimen hori ematea.
-Ustezko baimen horrekin, enpresak zuzenean eman zion hasiera parajearen ustiaketari. Hasieran, eskatutako kopuruarentzat, kopuru horrek Ingurumenaren Eragina Neurtzeko Txostenik behar ez zuelako.
-Ondoren, harri gehiago atera behar zutela (0.36Ha) eta, ustiaketa handitzeko eskatu eta Ingurumenaren Eragina Neurtzeko Txostena egin zuen enpresak. Hala ere, ustiaketaren handitze hori egiteko ez zaio Batzar Nagusiari baimenik eskatu eta hasierako ebazpen horren bidez emandako ustezko baimenean oinarritzen ari dira ustiaketarekin jarraitzeko, Baztango zenbait herritako alkateek Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren txostenaren aurkako alegazioak aurkeztu eta horren erantzuna oraindik eman gabe egon arren.
-Ikusita Udalak edota Batzar Nagusiak jarduera horren legezkotasuna baloratu ahal izateko afera horri dagokion udaleko espedientean beharrezko informaziorik ez dagoela eta kontuan hartuta Nafarroako Toki Entitateek euren ondareko ondasun eta eskubideen kontserbazio, babes, berreskuratze eta hobekuntza zaindu behar dituztela eta horiek babesteko beharrezkoak diren ekimenak aurrera eramatera derrigortuak daudela:
Batzar Nagusiak erabaki du:
1- Hasierako ebazpena ez berrestea, ez delakoz egokia alkateak Batzar Nagusiaren izenean erabaki hori hartzea.
2- Harrobiko lanak gelditzeko eskatzea, erauzketa horren ardura duen enpresa lanak bidezko tituluz egiten ari den edo legez kanpoko okupazio baten aitzinean gauden argitu arte eta legez dagozkigun konpentsazioak Nafarroako Gobernuarekin hitzartu arte.
3- Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailari premiazko bilkura eskatzea. Atzo, irailak 8, Baztango Batzar Nagusiko eta Udaleko ordezkariak eta idazkaria Herri Lan kontseilariarekin eta zuzendari nagusiarekin bildu ginen. Bilera horretan, bi aldeek adierazi genuen egoerari konponbidea ahalik eta lasterren bilatzeko beharra. Halaber, Nafarroako Gobernuak harrobia gelditzea erabaki du, harrobiaren egoera legala zuzendu arte.