Atzo atsaldean baztango Udal Plan Orokorraz
mintzatzeko bilera irekia egin zen udaletxean. Hitzorduan udalean ordezkaritza
duten alderdiak, herrietako alkateak eta interesa duten herritarrak egon ziren.
Aitzineko udal taldeak baztango Udal Plan Orokor berria idazteko lanak
Otazu-Vega eta Arkilekuk osatzen duten taldeari esleitu zizkion, hortaz,
idazketaren arduradunek orain artio egin denaren berri eman zuten. Udal Plan
Orokorrak bi zati ditu, alde batetik Lurralde Antolaketaren Eredua eta
Estrategia (LAEE) izeneko oinarrizko txostena; eta, bertzaldetik, horretan
oinarrituz egiten den Udal Plana. Lehen txostenak izaera estrategikoa du, eta
irizpide eta lerro nagusiak ezartzen ditu. Bigarrenak berriz, izaera
arauemailea eta betearazlea du, bertan zehazten dira lurzoruen izaerak,
erabilerak e.a.
Idazketaren ardura duen taldeak aitzineko legealdiaren
hondarrerako LAEEren zirriborroa egin zuen. Txosten hori oraino onartu gabe
dago, beraz, hasierako onespena eman aitzinean baztango herriei eta herritarrei
haren gainean eztabaidatzeko aukera ematea adostu zen. LAEE egiteko tenorean
Nafarroako Lurralde Estrategia, Lurralde Antolaketa Planak, baztango Plan
estrategikoa, Agenda XXI eta gainerako dokumentuak kontuan hartu dira. Afera da
txosten horiek adostasun maila eskasa izan dutela eta, horregatik, LAEEko gauza aunitz aski
eztabaidagarriak direla.
Baldintza horietan, baztango herriek eta herritarrek
LAEEaz eztabaidatzeko eta erabakitzeko aukera izateko, bi eztabaida txanda
eginen dira. Lehenean, kuartelka, solasaldiak eginen dira. Solasaldien helburua
nahi dugun herri-ereduari buruzko eztabaida bulkatzea izanen da, eta
horretarako, gidoi bera izanen dute: unifamiliarren hedapena, etxe hutsak,
jardueren ezarpena… Solasaldietako
gidoia heldu den irailaren 27an eginen den hirigintzako batzorde irekian behin
betiko zehaztuko da. Ondotik, lehen eztabaida txanda eginda, LAEEren
zirriborroa kasu batzuetan kuartelka eta bertzeetan herrika aurkeztuko
da.Betiere bigarren txandan, LAEEari egin beharreko zuzenketak egiteko aukera
izanen da.