Zinegotzien asignazioei buruz Baztango Udalaren prentsa oharra


Baztango udalak Bilduren, Baztango Ezkerraren eta NaBai2011ren adostasunarekin, nafarroako toki administrazioaren foru agindua betez 2008 eta 2010 artean, hau da, aitzineko legealdian hautetsien asignazioetan izandako irregulartasunak zuzentzeko erabakia hartu zuen irailaren 20an egindako ez ohiko osoko bilkuran. Nafarroako administrazio auzitegiko bi erresoluzioen eta toki administrazioaren aginduari jarraikiz, aitzineko udalak finkatutako asignazioak berregokitu ziren, guztiei muga bera paratuz, kasu honetan, 300 euroko muga.
300 euroko muga finkatu zen, zeren bertzenaz, bertze muga bat finkatzetik sortuko zen diferentziala baztango udaletxeak ordaindu beharko baitzuen; eta ez zaigu inondik ere bidezkoa iduritzen aitzineko legealdian jakinaren gainean egindako irregulartasun jarraitu baten ondorioak baztandarrek gehiago ordainduz konpondu behar izatea.
Aitzineko legealdian dietengatik asignazioen muga paratzerakoan, hiru muga ezarri zituzten, eta hori ez da legezkoa; guztiendako muga bera paratu behar baita. Erran bezala, hiru muga paratu zituzten 1.200ekoa (kasu horretan NaBaiko hiru zinegotzi ohi zeuden), 800ekoa (NaBaiko bertze hiru zinegotzi ohi) eta 300ekoa, UPNeko 6 zinegotziak. Oraingo udalak bertze muga bat ezarri izan balu, arestian erran bezala, diferentzia udalak ordaindu beharko luke.
Testuinguru horretan plenotik kanpo eta prentsa ohar bidez UPNek oraingo udaleko dietak 600 eurotik 300era jausteko proposamena egin berri du. UPNri oroitarazi behar diogu udal berriaren asignazioak erabakitzeko uztailean egin zen osoko bilkuran alde agertu zela, eta hortaz, ez dugu proposamen hau ulertzen ez bada  irailaren 21ean egindako osoko bilkuratik lekutzerakoan horrelako gai garrantzitsu baten inguruan eztabaidatzeari uko egin ziotela nabarmen gelditu zela, horrela, beraien ezintasun politikoa nabarmen utziz. Bilkuran lasai aski egin zezaketen proposamena eta eztabaidan parte hartu, baina nahiago izan dute zirko mediatiko bat montatu eta bertzerik ez dutenez horrekin protagonismoa bilatu.
Betiere, UPNek planteatzen duen diruen joku demagokikoari erantzunez, harrigarria egiten zaigu bi legealditan parlamentuan egoteagatik bizi osoko pentsioa izanen duen pertsonaren ahotik horrelakoak aditu behar izatea; baina batez ere harrigarria egiten zaigu zesantia eta dietengatik urtero parlamentutik milaka euro hartuko duen bati horrelakoak aditu behar izatea. Datuak aurrean ditugula Begoña Sanzberrok 75.933euro urtean kobratu ditu, 4 urtez 303.732euro kontseilari lanetan aritzeagatik. Gaur egun parlamentari lanetan aritzen direnak 3.300euro kobratzen dituzten bitartean Begoñak zesantia delakoa kobratzea erabaki du, hau da, kontseilariaren soldataren %80, 51.634euro hain zuzen, hilabetean 4.302euro. Hontaz aparte parlamentuan egiten diren bileretara joateagatik 161 euro kobratzen ditu hilabetean batez bertzeko 8 bilera izanik, 1288euro inguru. Guztira hilabetean 5.590euro kobratzen dituen parlamentari honek Baztango Udaleko zinegotziei 300 euro kobratzea eskatzen die.
Hautetsi publikoek egindako lanarengatik zentzuzko, arrazoizko eta bidezko saria behar dute izan. Eta baztango udaletxea horretan ari da. Enpresen administrazio kontseiluetan hainbertze kide dituen UPNek horrelako gai batean demagogikoki aritzea lotsagarria da.