AROZTEGIAZ TTIPI TTAPAN

Aroztegia eta gero zer? taldearen izenean 
TTipi-TTapara igorritako eskutitza duzue hemen.



Aroztegiaz bi solas 

Aroztegiako aferak zorionez gaurkotasuneko gaia izaten jarraitzen du; eta zorionez diot, zeren aitzineko legealdian NaBairen eta UPNren erabateko adostasunarekin egitasmo espekulatzaile horri behin betiko onespena eman baitzitzaion. 

Nioen moduan gaurkotasuneko gaia da, Baztango udaletxe berriak Bilduren eta Ezkerraren gidaritzapean egitasmoaren inguruko txostena galdegin duelako, horrela, proiektua gibelerat botatzeko dauden aukerak zein diren jakiteko. NaBai eta UPN proposamen horren aurka azaldu ziren, baina gainera, NaBaik, alimaleko zurikeria ariketa batean gaiaren inguruko herri-galdeketa eskatu zuen. Alimaleko zurikeria ariketa bai, zeren egitasmoaren inguruko herri galdeketa dagoeneko egin baita, 2009ko urriaren 9an , eta bertan parte hartu zuten lekaroztarren 67% aurka agertu zen, %26 alde eta %7 txuri. Oraingo NaBaikoek diotena zera da: beraiek NaBai 2011 direla, aitzinekoari buruz desberdinak; ah, bai? Orduan zergatik babestu zuten hauteskunde kanpainan aitzineko udal taldeak egindako guztia? Eta zergatik aurkeztu ziren aitzineko udal-gobernuaren proiektu politikoaren jarraipenaren berme gisa?





Betiere, NaBairen herri-galdeketa eskaeran Aroztegiako etxegintza egitasmoaren erabaki eremua Baztan izatea aski eztabaidagarria da. Etxegintzak herri bakoitzeko beharrei erantzun behar die, beraz, herri bakoitzari dagokio haren gaineko eztabaida.

Akitzeko bidean bi kontu gehiago: alde batetik Aroztegia eta gero zer? taldekoek aitzineko udaletxearen behin betiko erabakia errekurritua dugula eta afera auzibideetan dagoela. Eta bertzetik, Diario de Navarran 2011ko eriaroaren 8an argitaratu zutenez, Aroztegiako egitasmo espekulatzaileko nagusietako bat iruzur fiskalean harrapatu zutela, eta epaiketa sahiesteko 2,4 milioiko kalte ordaina ordaindu behar izan ziola Estatuko Zergen Agentziari. Horrelako enpresa-gizon “finekin” tratuan ibili zen aitzineko udala? Eta horrelako enpresa-gizon “finen” proiektu urbanistikoetaz fidatu behar al dugu baztandarrek?

Oraino tenorez gaude. Aroztegia gelditu dezagun!

Joseba Otondo Bikondoa
Aroztegia eta gero zer? taldeko kidea