Iritzi artikulu hau behar bada
gustokoa izanen duzulakoz
itzuli dugu.
BIZI OSOA AITZINETIK
Iñaki Soto, GARAko zuzendaria
Arranbelak itzulia
Nahiz eta intentsitate desberdinarekin, herri honetan bizi
diren jende guztien biziak indarkeriak baldintzatu ditu. Hasteko, gure
jendarteko zati ttiki baina garrantzitsu batek Durangoko eta Gernikako
bonbardaketen lekukotza eman dezake. Frankistek irabazi ondotik, errepresioa
etorri zen, isiltasuna, beldurra… Azkenean, gazte gutti batzuk beldurra
gainditu eta herri, klase eta pertsona gisa jasaten zuten menperaketaren aurka
antolatu ziren. Armak eskuan, bai. Diktadorea eta bere erregimena
lasaiki hil ez zitezen gehien egin zutenak izan ziren. Ez zuten arrontean
erdietsi, baina menperaketak eta ukazioak desagerpenera kondenaturik zuen herri
baten kontzientzia iratzarri zuten. Hori bakarrik ez, gainera, ordura artio
abertzaletasuna ezaugarritzen zuten nazioa eta arrazaren arteko lotura gainditu
zuten; horrela, bertan bizi diren guztien herriasortuz, Euskal Herrian bizi eta
lan egiten dutenena. Hori izan da, akaso, ekarpenik handiena.
Euskal Herriko hiru belaunaldik guttienez indarkeria
politikoa ezagutu dute. Galera eta sufrimendua, baita borroka ere. Urte hauetan
pilatutako ondare politikoa balio handikoa da. ETAren erabaki historikoa,
Carrero Blancoren heriotzaren ondotik, erakundearekin zerikusia duten berrien
artean, euskal jendarteak gehien ospatu duenetakoa izan daiteke.
Nire bizia, nire herrikideena bezala, ETAk markatuta egon
da. Bistan denez, hildakoen lehen oroitzapenak, “gure hildakoenak”
ziren. Omenaldietarat joanez heldu egin ginen, manifestazioetarat joan ginen,
beilatoki eta hilerrietarat; desagerturik zeuden bi gazteren hilotzen
ongietorrirat ere aireporturat; torturaturik, kartzelan zegoen nire anaia
bisitatu nuen, eta nire laguna besarkatzeko milaka kilometroko bidaia egin.
Bidaia horiek eginez jarraituko dut, jarraituko dugu, denak etxerat
ekarri artio. Negar egin nuen, eta irri ere bai; sufritu nuen nireengatik eta nigatik. Ez
diot inori bizi izan duguna desio. Baina uste dut, guzti horretatik nortasun
berezi eta sendo bat eraiki dugula, kultura politiko indartsua, zeinatik duen
hoberena atera behar dugun.
Bizi oso bat dugu aitzinetik. Lehen aldiz denbora luzean,
irrimurria zer den oroitu dugu. Irabaziko dugunaren siniste osoa dugu. Gure
eskuetan dago. Eskerrik asko.