IRAILAREN 27ko ESKUARA BATZORDEA


Irailaren 27an Eskuara Batzordea bildu zen udaletxean.

Hemen duzue orduko akta.
Ondoko bilkura urriaren 25ean izanen da, ilunabarreko 7etan.
Bertan Ordenantzak aplikatzen hasteko lehentasunak aztertuko dituzte.
Batzorde guzietan bezala partehartze arras inportantea da.




EUSKARA BATZORDEA
AKTA
DATA: 2011-09-27
ORDUA: 19:00
BUKAERA ORDUA: 20:10
LEKUA: UDALETXEKO BATZAR ARETOA

BERTARATUTAKOAK:
√ Maitane Maritorena (BILDUko zinegotzia)
√ Mª Carmen Iribarren (UPNko zinegotzia)
√ Mª Isabel Olave (UPNko zinegotzia)
√ Pedro Mª Iriarte (NABAI2011ko zinegotzia)
√ Lohitzune Nuin (euskara teknikaria)
√ Elena Arretxea (AEK)
√ Mª Carmen Irungarai (Xorroxin)
√ Oianko Garde
√ Julen Mitxeltorena

GAI-ZERRENDA:
1. Aurreko bilkuran aktaren onarpena
2. Baztango udaleko plantilla organikoko lanpostuei ezarri beharreko hizkuntza
eskakizunak.

ERABAKIAK:
1. Aurreko bilkurako aktaren onarpena.
Euskara zinegotziak aurreko bilkuran aipatu eta erabakitakoak oroitarazi ditu eta
egondako eskaerei erantzuna eman die:
- Irailaren 27an bilkura izanen da UEMAko ordezkariekin.
-Valladolideko ANLL (Asociación Nacional por la Libertad Lingüística) izeneko
elkarteko ordezkari batek Baztango euskararen ordenantzaren aurka Nafarroako
Arartekoaren aitzinean aurkeztutako kexari buruzko informazioa ekarri du. Afera
udaleko idazkariaren eskuetan dago, eta dokumentazioa eskuragarri dago nahi
duenarentzat.
Bertze aipamenik gabe, aurreko bilkurako akta onartzen da.
1. Baztango udaleko Plantilla Organikoko lanpostuei ezarri beharreko hizkuntza
eskakizunak.
Euskara Zinegotziak Euskara Zerbitzuak prestatutako txostena azaldu du.
Azpimarratu du bi jakite-maila berezitu direla, Hizkuntzen Europako Erreferentzia
Markoak ezarritakoaren eta lanpostu bakoitzaren eginkizunen arabera: C1
idatzizkoan nahiz ahozkoan eta C1 ahozkoan eta B2 idatzizkoan.
Arrazoia da zenbait lanposturen kasuan, ahozko jardunean aski maila ona izatea
beharrezkoa bada ere, idatzizko jardunari dagokionez maila apalagoa izatea aski
dela lanpostu horien eginkizunak bete ahal izateko.
Halaber, azaldu du kontuan hartu behar dela plantilla organikoan hizkuntza
perfilak ezartzeak ez diela eragingo orain euskaraz jakin gabe edo askitasun
maila izan gabe hizkuntza eskakizun hori betetzen ez duten langileei, langile
horiek eskuratutako eskubideak dituztelako, 29/ 2003 Foru Dekretuak, otsailaren
10ekoak, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen
duenak, ezarritakoaren arabera. Langile horiek euskara ikasteko edo hobetzeko
motibatu eta lagundu behar dira. Beraz, deialdi berriak ateratzen direnean
bakarrik izanen da derrigorrezkoa hizkuntza eskakizuna betetzea.
UPNko zinegotziek azaldutako kezkari erantzunez, argitu du Musika Eskolako
irakasleen kasuan, ez dagoela kanporatzeko arriskurik, irakasle horiek duten
kontratazio-eredua berezia delako.
Gainera, bertaratutakoen gehiengoa ados dago irakasle horiek 20 urte
daramatzatela Musika Eskolan lanean eta musika ikasten duen haurren kopurua
hain handia izanik, ahalegin bat egiten ahal dutela euskara ikasteko, ikasleen
euskaraz solasteko eskubidea bermatzeko.
Bertzalde, AEKko ordezkariak aipatu du Musika Eskolako irakasle batek galdetu
diola Langileak Euskaraz Birziklatzeko Plangintzan sartzeko aukera izanen lukeen,
eta Euskara Zinegotziak erantzun du printzipioz, lehen aipaturiko irakasle horien
kontratazio-egoera berezia dela eta, egoera hori argitu arte bulegoko langileek
izanen luketela lehentasuna.
UPNko zinegotziek aipatu dute iruditzen zaiela pertsona batzuek ezin izanen
direla lanpostu batzuetara sartu euskara maila aski izanen ez dutelako. Horri
erantzuna emanez, aipatzen da EGA maila, errealistak izanez, ez dela sobera
altua, lanpostuen eginkizunak bete ahal izateko minimoa da, hori baino maila
apalagoa izanik, ezinezkoa izanen litzatekeelako eginkizunak betetzea. Bertze
gauza batzuen artean eskatzen dena da, ez oztopoa.
Azkenik, euskara zinegotziak azaltzen du atzo (astelehena, irailak 26) berak
deituta, euskara teknikaria eta udaleko ordezkari sindikalekin bilera egin zutela,
plantilla organikoan ezarri beharreko hizkuntza eskakizunen inguruan informatzeko
eta ordezkariak azaldutako proposamenarekin ados agertu zirela.
Zalantzak argituta, prozedurarekin aitzinerat segituko da.
5. Galde-eskeak
Ez dago galde-eskerik.

HURRENGO BILERA: 
Urriaren 25ean, 19:00etan, Baztango Udaletxean. Deialdi irekia izanen da.

Elizondon, 2011ko urriaren 7an
Lohitzune Nuin Amatria
Baztago Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikaria