Murrizketen gaia pil-pilean dugu eta informazioa zakuka ailegatzen
ari da.
Hemen duzue Lekaroz BHI-ko irakasle talde
batek gurasoei bidalitako idatzia,
hezkuntza-murrizketen
inguruan.
Hortan egin dituzten deialdien
berri ematen dute:
Urriaren 20an ordu bateko lanuztea.
Urriaren 22an manifestazioa Iruñean.
Urriaren 25ean bi orduko lanuztea.
Urriaren 27an greba.
MURRIZKETARIK EZ!
EZ HEZKUNTZAN EZ INON!
Krisi egoera dela eta hainbat murrizketa izan dira
esparru publikoan, horrek zuzen-zuzenean Hezkuntza jo du. Murrizketa horrek
Irakasleongan ez ezik (200en bat irakasle lanik gabe geratu da), zuen
seme-alabengan eta Hezkuntza kalitatean izanen lituzkeen ondorioak aipatu
nahiko genituzke.
Ordu bat gehiago lan egin behar dugula saldu
dute eta horregatik kexatzen garela. Baina norbaitek pentsatzen ote du
Teleberriko kazetariak ordubeteko lana duela bakarrik? Zirujauak operazio-gelan
emandako denboran bakarrik lan egiten duela? Inondik inorat. Ordu kopurua
handitzeaz ari direlarik, ikasleen ikasteko baldintzaz ari gara, aniztasunaren
trataeraz, klaseak prestatzeaz…
Hona hemen labur-labur Hezkuntzan egindako
murrizketek izanen lituzkeen ondorioak:
· Gure arloari ez dagozkion gaiak eman
behar izatea.
· Ratioa (gela bakoitzean dagoen ikasle
kopurua) handitzea. Ikasle gehiago gela bakoitzean, ondorioz ez dira denak
behar bezala atenditzen ahal.
· Zailtasunak dituztenek arreta ordu
gutiago izatea, ondorioz hainbertzetan aipatzen den aniztasuna bazter baterat
uztea.
· Irakasleren batek huts egiten
duelarik, ikasleak denbora luzez irakasle gabe egotea. Ordezkapenak egiteko ez
baitute berandu artio deitzen.
· Eskolak behar bezala prestatzen
denbora gutiago edukitzea.
· Gu pertsonekin ari gara lanean,
formatzen ari diren pertsonekin hain zuzen. Hori dela eta, gure lana ez da egun
batetik bertzerat ikusten, epe luzera baizik. Orainean egindako lanak
etorkizunean du isla.
Aipatutako puntu hauek ondorio guti batzuk bertzerik ez
dira. Gure ikastetxeari dagokionez, errate baterako, aniztasunari aurre egiteko
ordu kopuruan murrizketa nabarmena izan da, gurpildun aulkian dabiltzan
ikasleek ez dute garraiorako auto egokiturik, ikasturte hasierako
ordezkapenak bi edo hiru
astetako gibelamenduarekin bete ziren, talde kopurua handitu bada ere, iaz
baino bi irakasle eta erdi gutiago dugu …
KONTUAN IZAN BEHAR DA HEZIKETAN GASTATZEN DEN DIRU
KOPURUAREN ETA ESKOLA ARRAKASTAREN ARTEAN LOTURA ZUZENA DAGOELA. Nafarroako irakaskuntza publikoan
kalitate handia mantendu nahi dugu, eta murrizketak ikusita ez gara ixilik
egoten ahal. Egoera hau aldatzeko denok zerbait egiten ahal dugu, horregatik,
hurrengo egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzerat gonbidatzen
zaituztegu:
Urriaren 20an ordu bateko lanuztea.
Urriaren 22an manifestazioa Iruñean.
Urriaren 25ean bi orduko lanuztea.
Urriaren 27an greba.