Urriaren 15ean Nafarroako zonalde ezberdinetako
(Lizarra, Sakana, Erribera, Iruñea, Erroibar, Agoitz, Baztan...) 50 lagunetik
gora bildu ziren Nafarroako Diputazioaren aitzinean, Carlos IIIean, eta
prentsaurrekoa burutu zuten UPN-PSNren Gobernuak krisiaren aitzinean hartutako
neurri larriak salatzeko.
Han bildutako lagunak eragile sozial
ezberdinetako kideak ziren: mugimendu feministak, sindikalak, ekologistak,
auzo mailakoak, euskaltzaleak, internazionalistak, hezkuntza eta osasungintza
publikoaren aldekoak... eta azken urteotan pairatzen ari diren eraso
ezberdinei aitzin egiten ari diren taldeetakoak.
Larunbatean urrats berri bat eman nahi izan zuten,
maila pertsonalean, indarrak elkartu eta 2012.eko aurrekontuetan aurreikusten
diren murrizketak gelditzeko.
Heldu den urriaren 29an, larunbata, goizeko
10:00etan Burlatako kultur etxean burutuko den ASANBLADA HERRITARRA, IREKIA eta
PARTE HARTZAILErako deialdia egin zuten ere.
Han irakurritako manifestua duzue hemen.
MURRIZKETARIK EZ!
AURREKONTU SOZIALEN ALDE!
MOBILIZA GAITEZEN, ATERA KALERA!
2011ko
aurrekontuak onartu zirenean, 2010ekoekin alderatuz, %5eko murrizketa izan
zuten. KPI baina, urte horretan %2,8ko igoera izan zuenez, murrizketa %7,8koa
izan zen azkenean, bereziki gastu sozialean. Aurrerago, 2011ko martxoan, Alvaro
Miranda Ekonomia Kontseilariak urte amaierarako superabita egonen zela adierazi
zuen. Orain jakin dugu kontuak egiterakoan iruzur egin zuela eta benetan izanen
duguna 600 milioi eurotako defizita izanen dela. Arazoa konpontzeko %8ko
murrizketa (325 milioi) berria iragarri du, hasierako %7,8ko murrizketari
gehituta, 2011an %15,8ko murrizketa egonen delarik azkenerako.
Murrizketek, bereziki,
Osasungintzan, Hezkuntzan eta Gizarte Ongizatean izanen dute eragina. Modu
honetan, egunetik egunera osasun eta hezkuntza zerbitzuak okerrera doaz eta
laguntza eta prestazio sozialak gutxitu edo desagertzen ari dira. Aitzitik,
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obra faraonikoak, enpresa eta errenta
handientzako zein Opus eta hezkuntza pribatuarentzako diru-laguntzak ukiezinak
dira. Haatik, azken hau da murriztu edo kendu beharko luketena, baita
agintarien soldata bikoitza edota hirukoitzak, kargua utzi ondorengo
ordainsariak eta biziarteko pentsioak ere.
Gobernuak (UPN-PSN) 2012ko
aurrrekontuak %3ko murrizketa izanen duela iragarri du. Aurten burututako
triskantza sozialarekin nahikoa ez eta hurrengo urterako norabide berean
sakondu nahi du. “Gastuen doikuntza” deitzen diote horri. Jakina, murrizketa
hauek pairatu dituzten eragile sozialei ez zaie inolako informaziorik ez parte
hartzerako aukerarik eskaini.
Zerga-politika ez da, beharko
litzatekeen bezala, kapitalak sortutako desberdintasun sozialak txikitzeko
erabiltzen. Aldiz, azken urteotan enpresari eta errenta altuei zergak murriztu
zaizkie eta iruzur fiskala onartzen zaie, BEZa igotzen den bitartean,
herritarron kontsumoa bereziki zergapetzen duena. 2006. urtean Ondarearen
gaineko Zerga kendu zutenetik, Nafarroan 265 milioi euro gutxiago jaso dira.
Beste 200 gehiago galdu dira 2008. urtetik aurrera pentsio-plan pribatuetan
inbertitzen dutenei egindako desgrabazioengatik eta 80 milioi euro gehiago
urtero galtzen dira Elkarteen Zergaren kenketak medio. Bien bitartean,
beharrezkoak ez diren AHT (45 milioi 2011an), Arena Pabiloia (26 milioi) edo
Los Arcoseko zirkuitua (52 milioi) bezalako azpiegitura erraldoietan dirua
xahutzen da. Hortaz, ez da dirurik falta, lapurrak, pribilegioak eta
lotsagabekeria dira soberan daudenak.
Herritarrok gara krisiaren ondorioak
modu zuzenean pairatzen ari garenok. Legeak eta hauen erreformak patronalari
mesede egiten diete. Krisi espedienteak langileon kontura konpontzen dituzte
eta diru publikoa patronalaren arduragabekeria eta anbizioa estaltzeko
erabiltzen dute. Emakumeok pairatzen dugu bereziki egoera hau, gure lanaldi
bikoitza luzatu egiten delako, burutzen ditugun zaintza lanak handitu eta
diskriminazioak areagotzen direlako. Gazteok egoera kaskarrena bizi dugu:
hezkuntzaren kaskartzea, langabeziaren gorakada, etorkizunik gabe… Pentsiodunok
murriztu beharreko kostu sozial gisa hartuak gara, gure pentsioak eta zerbitzu
sozial eta osasun-zerbitzuak murriztuz. Euskaldunok gero eta baztertuago gaude,
euskarari zuzendutako diru apurrak gero eta gutxiago baitira. Kultura turismoa
eta negozioarekin lotzen da...
Zerrenda amaigabea da. Udalek,
finantza autonomiarik gabe, sosik gabe gelditzear daude. Nekazaritza eta
abeltzaintza gain behera doa Europatik ezarritakoaren menpe eta berau bultzatu
eta babestuko duen politikarik gabe. Langabetuei zuzendutako laguntzak murriztu
dira eta egoerak hobera eginen duenik ez du ematen eta Gobernuak gaiarekiko
duen kezka hutsaren hurrengoa da. Etorkinek, orain artean lanpostu okerrenak zituztenak, hori ere ez dute
aurkitzen gaur egun.
Bien
bitartean, aberatsak gero eta aberatsagoak dira eta bidegabekeriak gero eta
larriagoak. Etxebizitza ordaindu ezin dutenen kaleratzeak ematen diren
bitartean, milaka etxebizitza hutsik daude. Gure lurrak gero eta eraso gehiago
pairatzen dituen bitartean, enpresa eraikitzaileen etekinak marka guztiak
gainditu dituzte. Soldatak beheraka eta miseria gero eta pertsona
gehiagorengana iristen den bitartean, bankari eta exekutiboen soldatak
neurririk gabe handitzen dira.
Honen guztiaren aurrean bi aukera
baino ez daude: etsipena, ezintasun eta frustrazio soziala, edo duintasuna eta
mobilizazioa. Sektore sozial ezberdinek bigarren aukera honen alde egin dute
dagoeneko, baina ahaleginak biderkatzea beharrezkoa da; lehenik eta behin,
eraso hauek guztiak gelditzeko eta bigarrenik, krisiaren kostua eragin
dutenengan eror dadin lortzeko: bankari lukur, eskrupulurik gabeko enpresari,
agintari ustel, mota guztietako eraikitzaile eta espekulatzaieak… Konponbidea
aberastasuna eta lanaren banaketatik etorriko da eta ez ezberdintasunak
areagotu eta gutxi batzuentzako pribilegioak handituz.
Aipatu errebolta sustatzeko,
krisiaren aurrean borroka ezberdinetan murgildurik gabiltzan herri eragileetako
kideok, ekimen honetan parte hartzen dugun pertsonok, miseriazko aurrekontu eta
murrizketa sozialen aurkako erantzun orokorra antolatzeko ASANBLADA HERRITARRA,
IREKIA ETA PARTE HARTZAILEA deitzen dugu. Asanblada datorren urriaren 29an
burutuko da Burlatako kultur etxetan, 10:00etan eta bertan parte hartzera
gonbidatu nahi ditugu Nafarroako herri eragile sozial eta norbanako guztiak.
Aukera dagoen tokietan gainera, bertako egoera zehatza aztertu eta beharrezkoak
diren erantzunak antolatzeko asmoz, herriz herri eta auzoz auzo ASANBLADAK
bultzatzeko deia luzatzen dugu.
AURREKONTU PARTE HARTZAILE ETA SOZIALEN
ALDEKO HERRI EKIMENA