URRIAREN 12ko HERRI ESKOLA


Urriaren 12an hispanitatearen, arrazaren eta militarren egunean Iruritako herriko eskola zaharrean kulturgintza eta herri langilearen eskolaren  inguruko jardunaldia egin zen. 
Hemen duzue horren kronika.

Bertaratukoak, hasteko, kapitalaren eta kapitalismoaren inguruan aritu ziren, eta sistemaren muina zein den ulertzeko eginahala egin zuten. Kapitalismoa ez da diru pilaketa hutsa, harreman sozial bat baizik, aitzineko menperaketa harremanak hobetzeaz gain menperaketa harreman berriak ezartzen dituena kasu honetan ahalik eta diru gehien pilatzeko. Kapitalismoa hiru oinarrirekin eraikitzen da: ekoizpen bitartekoen jabego pribatua, langileen desjabetza eta merkantziak. Merkantzien helburua salmenta hutsa da, ez hairen erabilgarritasuna. Formazio sozialen kontzeptua ere landu zen, sistema kapitalistak tokian toki eta garaian garai hartzen dituen berezitasunak ulertzeko. Bertzalde, kapitalismoaren krisi globala ere  hizpide izan zuten eta horrela, oraingo krisia bortz krisi nagusiren emaitza dela azpimarratu zen: krisi ekonomiko-finantziero-industriala, krisi politiko-instituzionala, krisi ekologikoa, krisi kultural-ideologikoa eta krisi militar desberdinak gerraren areagotze gisa ulertuta.

Gauzak horrela kapitalaren metaketa-ziklo berrirako plangintzei buruz mintzatu ziren, krisiaren irtenbide inperialistaz hain zuzen; azkeneko hamarkadan eta azken aldi honetan bereziki nabarmena eta agerikoa dena: Afganistan, Irak, Libia, Iran… Testuinguru horretan kapitalismoaren birdefinizio eta hedapen ziklo berrirako kapitalismoak proposatzen duen hezkuntza eredua hausnartu zuten: Bologna, Pisa, bikaintasuna, British eredua, kalitate-labelak, murrizketak…

Modu berean, irtenbide iraultzaileak nondik jo beharko lukeen aipatu zen, horretarako elkarren osagarri diren bi ardatz proposatu ziren: guttiagotzea edo deshazkundea eta ekosozialismoa. Lehen fase batean iraultza sozialista behar dela aipatu zen, horrela, ekoizpen bitartekoak sozializatuta, langileen kontrol demokratikopean uzteko. Halaber, estrategia ekosozialistaren bidez sistemaren muinean guttiagotzea sustatu beharko litzatekeela aipatu zen. Estrategia hori hain zuzen izanen da komunismorako bidea. Puntu horretarat iritsita herri langilearen eskola nolakoa izan beharko lukeen aipatu zen: balio ekologikoak sustatu beharko lituzkeela, sozietate patriarkarra gaindituko lukeena, teoria eta praktika eskola tailerraren bidez integratuko lituzkeena, bake kultura indartuko lukeena bai norberaren barnerat begira, baita jendarte mailan justizia oinarri gisa hartuta; eta arraza eta etnia diskriminazioak onartuko ez lituzkeena. Euskal Herrian gainera, euskaratik eta euskarara. Hau da eskola: berdea, lila, berdea, gorria, zuria, beltza… Ortzadarraren gisakoa.

Gauzak horrela eskoletan ikasten eta lantzen dena herriari eman behar zaiola aipatu zen, kulturgintzaren bidez, horrela herrigintza indartzeko. Ikasleengan jarrera aktiboa bultzatu behar da, ikaskuntza aktiboa hain zuzen.

Guzti horren inguruan luzaz solastatu ondotik, heldu den abenduaren 6an bertze saio bat eginen dutela adostu zuten. Horren berri aitzinago emanen dute.