Pasatu berriak ditugun hauteskundeak eta hauen emaitzak ikusita,
hauei buruzko irakurketa bat duzu ondoko lerroetan.
AMAIUR lehen indarra Baztanen
Amaiurrek, ezkerreko subiranisten koalizioak 1356 bozka lortu eta Baztango
indar bozkatuena izan da. Haren gibeletik, bigarren tokia UPNk eskuratu du,
1311 bozkekin. Jarraian Geroa Bai dago, 737rekin eta urrunago gainerakoak. Datu
hauen inguruan gogoeta desberdinak egin daitezke. Hasteko, interesgarria
litzateke hondarreko udal eta foru hauteskundeekin alderatzea, izan ere,
orduan, UPN lehen indarra izan baitzen, nahiz zinegotzi kopuruan Bildurekin
bosna berdindu eta azken honek Ezkerrarekin koalizioan alkatetza lortu. Udal
hauteskundeetan UPNk 1524 bozka izan zituen, eta Bilduk 1483, beraz, 37 bozken
aldearekin nagusitu zen. Oraingoan Amaiurrek 45 atera dizkio. Zentzu horretan
aski adierazgarria eta garrantzitsua da udal berriak hautestontzietan jaso duen
berrespena eta lortu duen nagusigoa; horrek, Baztanen eraikitzen ari den
hegemonia ezkertiar eta abertzale berriari bulkaldia ematen dio.
Bertzalde, estatuko hauteskundeak izanik, bereziki azpimarragarria da
UPN-PPk ezin izan duela estatuko aldeko joera baliatu eta horrela Baztanen
lehen tokia eskuratu. Baldintza horietan lehen tokia ezin atxeki ahal izana
kontuan hartzeko datua da. Dudarik gabe dieten gaiak emaitza kaxkar horretan
eragina eduki izanen du. Baina horrez gain, UPNek Baztanen duen etengabeko beherantzko
joerarekin bat egiten du; horrela, 2008ko hauteskunde orokorrei buruz 84 bozka
galdu ditu; orduan 1395 zituen. Aipagarria da ereUPN 1300 bozken mugatik behera
pasatzetik gero eta hurbilago dagoela, eta hauteskunde hauetan bere emaitza
historiko txarrenak izan dituela.
Gainerakoan Geroa Baik emaitza txukunak lortu ditu, 737 bozka dagoeneko
erran dugun moduan. Datu hori NaBaik aitzineko hauteskunde orokorretan lortu
zituen emaitzekin alderatzeak ez du sobera zentzurik, NaBaiko
proiektua guztiz berregin baita, orduan NaBai lehen indarra izan zen Baztanen
1461 boturekin. Betiere azkeneko foru hauteskundeei buruz, 163 bozka
galduagatik, Baztanen tokia eta indarra duen eremu politiko berezi gisa
agertzen zaigu. Udaleko hauteskundeekin, berriz, neketan alderatu daiteke beren
udal kudeaketarengatik zigor gogorra jaso zutelako, denetara 388 bozka
eskuratuz.
Gauzak horrela hauteskunde hauetatik hiru ondorio nagusi atera daitezke:
- Baztanen
izaera ezkertiar eta abertzaleko nagusiago gero eta sendoagoa eraikitzen ari
dela
- UPN-PPk
gainbehera historikoarekin jarraitzen duela, nahiz eta oraino indar handia
mantendu
- Geroa Baik hirugarren espazio politiko bat eratzeko duen ahalmena