BAZTANGO UPNren JARRERA EUSKARARI BURUZ


Baztango Ezker Abertzaletik Baztango UPNren kargu publikoek duten gaitasun falta nabarmena salatu nahi dugu. Herritarren %77 euskalduna den udalerrian UPNren udal taldearen bortz zinegotzietatik batek bakarrik daki euskaraz, nahiz eta udalbatzar eta Batzar Nagusi gehienetan erdaraz bertzerik ez den aritzen.
Euskaraz ez jakiteak eta horrek dakarren gaitasun faltak udalbatzarretan, Batzar Nagusian eta batzordeetan arazo eta gastu  aunitz sortzen ditu: adibidez itzultzaile gastuak. Hautetsi publikoetaz ari gara, hauen prestaketa faltaz eta horren ondorioz dena nola baldintzatzen duten, ez tokiko administraziorat zuzentzen diren herritar arruntetaz. Baina beraien gaitasun falta konpondu eta euskaraz ikasi beharrean azken aldian harrokerian eta espantukerian ari dira. Eta horren erakusgarri idatziak euskaraz sartzen direlarik edo taldeen izenean norbanakoek idatziak euskaraz aurkezten dituztelarik egiten dituzten isti eta keinuak  eta izaten duten jarrera. Guzti horren azken emaitza UPNrek argitaratutako hondarreko berripapera da. Eskuin muturrarena lasai aski izan daitekeen tonu erasokorra eta errespetu eskasekoa erabiliz, erdara hutsean argitaratu dute, euskararen guttiagotze eta bazterketan akitboki parte hartuz. Horrek ez digu sobera harritzen zeren UPN dagoen toki guztietan aski nabarmena baita, bai Nafarroako Gobernuan, euskarazko komunikabideei laguntzak kenduz erdarazkoiei milioiak ematen dizkien biztartean, edo Baztanen hizkuntz-kolonizatzaile gisa jokatuz. Helburua beti bera, euskaldunak azpiratzea.