ISIDRO ESNAOLAREN SOLASALDI ARRAKASTATSUA


Isidro Esnaola ekonomilariak krisi kapitalista eta ezkerreko alternatibak solasaldia eskaini zuen atzo gauean Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Hitzaldia Baztango Ezker Abertzaleak antolatu zuen eta 27 lagun inguru hurbildu ziren bertara. Oraingo krisi ekonomikoaren jatorri eta ezaugarrietan sakondu zuten, finantza krisiaren jatorrian, bilakaeran eta hori ekonomia errealerat nola leku aldatu den aztertuz. Ondotik, testuinguru horretan boterearen proiektua zein den azaldu zen eta horren aitzinean, ezkerreko alternatibaren oinarriak aurkeztu.

Ezkerreko alternatiba egingarri eta gauzagarri bati dagokionez 5 zutabe zehaztu ziren. Alde batetik, herritarren intereseko politikak egiteko burujabetza nahitaezkoa dela. Halaber, zorraren kitapena kudeatu beharra dagoela eta ondasuna banatzeko zerga erreforma sakona beharrezkoa dela. Bertzalde, ongizate estatuaren 4. zutoina, hau da zaintzaren ingurukoa garatzea ezinbertzekoa dela eta, azkenik, ekonomia eta produkzioa herri mailatik antolatu behar dela, herriko beharren arabera.

Modu berean, Isidrok, errezeta magikorik ez dagoela azpimarratu zuen, eta alternatibak jendeen eta taldeen inplikazio eta konpromisotik etorriko direla, oinarritik eta azpitik egindako eraketaren bidez.