KARTZELA ETA OSASUNARI BURUZKO SOLASALDIA


Baztango Herrira ekimenak “kartzela eta osasunari” buruzko solasaldia antolatu du asteazken honetarako – martxoaren 28-. Mintzaldia Elizondoko Arizkunenea kultur etxean eginen da, atsaldeko 8etan eta horri buruz gehiago jakiteko Daniri elkarrizketa ttipi bat egin diogu.
  
Osasuna eta kartzela solasaldia zergatik antolatu duzue?
Gaur egun eritasun sendaezin edo larriak dituzten 15 euskal preso politiko daude kartzeletan. Espetxean egonda ez zaie ematen ahal heuren eritasunek eskatzen duten atentzio eta zaintza egokiak, kontrakoa baizik; ez zaie behar duten segimendu medikua egiten, ezin dute jarraitu behar dituzten dietak, konfiantzazko medikuei trabak paratzen zaizkie preso gaixoak bisitatu ahal izateko e.a.. Kartzelan dauden preso gaixoen egoera azaltzeko antolatu dugu solasaldia.

Solasaldia eskainiko dutenak nortzuk dira?
Preso politikoen osasunaz arduratzen diren mediku ezberdinek Jaiki Haidi elkartea osatzen dute eta berriki txosten bat plazaratu dute kartzelen atentzio mediku eza salatuz. Elkarte horren partaide diren Mikel Urra medikua eta Oihana Barrios psikologa solastuko dira horri buruz.

Iñaki Erro Elizondoko preso politikoak ere eritasun larria du eta Almerian dago preso…
Bai, urtarrilan 3 stent paratu behar izan zizkioten 3 arteriatan eta "kardiopatia iskemiko larria" diagnostikatu zioten. Eritasun horrek zaintza arras berezia behar du, elikadura, stressik gabe egotea.. eta batez ere medikuen segimendu zorrotza. Almeriako kartzelan egonda ez ditu atentzio horiek, eta bere osasuna okerrera egin ez dezan askatu beharko lukete.

Larunbatean preso eriei buruzko manifestaldia eginen da Iruñean…
Herrira azken hilabeteotan burutzen ari den preso gaixoen inguruko kanpainaren ekitaldi nagusia. Aipatutako 15 preso hauek aske egon behar dira lehenbailehen, bertzenaz laster desgraziaren bat pasatu daiteke. Larunbatean Iruñeako kaleak bete behar ditugu preso erien askatasuna eskatzeko, presio sozialaren bidez preso gaixoen kaleratzea lortu dezakegulako. Beraz badakizue, larunbatean DENOK IRUÑERA!!