Lan
erreforma azaltzeko LAB sindikatuak eskualde mailako solasaldia antolatu du
Garbiñe Aranbururekin, LAB sindikatuaren ekintza sindikaleko arduradun
nazionalarekin. Solasaldia martxoaren 24an, goizeko 11:30etan izanen
da, Lesakako udaletxeko batzar gelan.
Koldo Saenzi, eskualdeko LAB
sindikatuaren koordinatzaileari solasaldiari buruzko xehetasunak galdegin
dizkiogu:
-
Larunbatean Garbiñe Aranburuk eskainiko duen solasaldiaren garrantzia zein da?
Garbiñe
Aranburu LAB sindikatuko ekintza sindikalaren arduraduna da. Ekintza sindikala
lantegietan egunerokotasunean lantzen den estrategiari deitzen zaio, hau da,
gatazken aitzinean sindikatuek lantzen dutena. Garbiñe arlo honen arduradun
nazionala izanik, LAB sindikatuak erreformaren aintzinean eramanen duen ildoa
azalduko du, lan erreformaren nondik norakoak azaltzeaz gain.
-
Bertarat hurbilduko diren herritarrek zer jasoko dute?
Aixtian
erran bezala hitzaldiak 2 zati izanen ditu, alde batetik lan erreformaren
azalpen bat eta bertzetik greba orokorraren lanketa eta aitzinera begirako
ildoa.
-
Martxoaren 29ko grebarako ze giro sumatzen duzu eskualdean?
Giro
ona nabaritzen da, eta kontzientziazo maila altua. Oraindik giroa gehiago
berotu behar da baino jendearekin solas egiten duzularik nabaritzen da jendeak
amorrua daukala eta egoerarekiko haserre nabaria. Orain gure lana haserre hori
greba eguneko mobilizazioetan eta batez ere aurrera begira kanalizatzea izanen
da.