Almandoztarrek atzo egindako herri
galdeketan harrobia handitzeko baimena
ematea erabaki zuten. Herri galdeketa herriko zentsoaren %25ak eskatuta
egin zen eta bertan, 150 herritarrek bozkatu zuten, zentsoaren %79ak. Alde
bozkatu zutenak 87 izan ziren (%58); kontra 62, (%41) eta xuri bat.
Modu berean, harrobiko
sarrera-irteera berria egiteko hiru aukeren artean bozkatu zuten, eta %44ak,
hau da 67 herritarrek Abreiko aukeraren
alde egin zuten, teknikoen iritziz, aukerarik hoberena. Oraingo bidea
mantentzearen alde %32 ak egin zuen, 48 herritarrek; eta Goiureko egitasmoaren
alde berriz %14ak, 21 herritarrek. 14 bozka baliogabe edo xuri izan ziren.
Gauzak horrela, gaur atsaldean eginen den Baztango
Batzar Nagusian Almandozko herri galdeketako emaitzak aurkeztu eta
zuzenbidean, Batzar Nagusiak harrobia handitzeari baimena emanen dio.
Almandozko harrobian 14 langile ari
dira lanean eta Baztanek dituen 1000 km. pistetarako zaborra harrobi horretatik
ateratzen da.
Joan den abenduaren 26an Almandozen
egindako batzarrea harrobia handitzearen aurka agertu zen, haatik, erabakia
urtarrilaren 2an, Batzar Nagusian aurkeztu zelarik, herriko alkateak erran zuen
herritarrak ez zeudela arrotean kontra, akordio bat nahi zutela baizik. Gauzak
horrela, Batzar Nagusiak harrobiko jabeekin, kaltetuekin eta herritarrekin
solasteko eta akordioetarat iristeko batzordea osatu zuen, proposamenak aldeko
24 bozka izan zituen eta 6 abstentzio. Inork ez zuen aurka bozkatu. Geroztik
batzordeko eta udaleko ordezkariek hainbat bilkura egin dituzte eragile
desberdinekin onargarria izan zitekeen akordioa eskuaratzeko. Atzo herri galdeketa batzordearen lanak
akituta egin zen.