Baztango udaletxeak
atzo egindako ez ohiko osoko bilkuran Aroztegiako proiektu urbanistikoa
geldiarazteko plan partzialaren behin
betiko onarpenaren berrikusketa egitea onartu zuen. Proposamenaren alde
Bilduko bortz zinegotziak, Ezkerrako biak eta Nafarroa Baikoa agertu ziren. Proposamenaren aurka berriz UPN. Orain
espedientea Nafarroako Kontseilurat eramanen da eta honek loteslea den irizpena
emanen du. Udaletxeak eskatutako txosten
juridikoaren berri eman ondotik hartu zen erabakia; bertan egitasmoaren banaketa
areari buruzko egoera juridikoa aztertzen zen. Txostena egiteko udalak hainbat
eskaera egin dizkio enpresa sustatzaileari baina honek ez du deus erantzun.
Udalak egindako
txosten juridikoak dio udal planaren egiturazko aldaketa puntualaren behin betiko
onarpena auzibideetan dagoela eta baliogabea izan daitekeela eta
onartu den plan partzialaren txostenak prozedurazko
irregulartasunak dituela. Modu berean plan partziala legezko epeak pasatuta aurkeztu zela erraten
du. Bertzalde plan partzialaren behin betiko onarpenaren inkoazioa legez baliogabea dela dio, lurzoru berriak
klasifikatzen dituelako. Hori egitea determinazio estrukturatzailea da eta ez
dator bat Herri laneko zuzendaritzak ezarritako determinazioekin.
Aroztegiako
proiektuan, bertzeren artean 252 bizitza
berri egin nahi dituzte eta horiek egitera Lekaroz ondoan 800 pertsonako
herri berria sortuko litzateke. Bere garaian Lekarozen egin zen herri
galdeketan parte hartzaileen %67
proiektuaren aurka agertu zen. Proiektuaren sustatzaileak Arozena-Urbistondo eta Nova Caixa Galicia
dira. Kutxa hau burbuila inmobiliariako erangidako diru-kontuen
kaskartzearengati estatuak interbeniturik dauka.
Aitzineko legealdian
Baztango udalak proiektu urbanistikoa egin ahal izateko Udal Planaren aldaketa puntual estrukturatzailea behin betiko
onartu zuen. Eta horrek, oraingo egoera ekarri du.