BATZAR NAGUSIA HIRUGARRENEKOZ KINTOKO DESAFEKZIOAREN AURKA


Astelehenean egin zen Baztango Batzar Nagusian, Magnaren Kintoko herri-lurren desafekzio eskaerari Batzar Nagusiak bi aldiz emandako ezetza bertze behin berrestea erabaki zuten batzarkideek. Aldeko 22 bozka izan ziren eta 7 aurka (UPN, Ezkerra eta Elbeteko alkatea).

Batzar Nagusiak Magnaren Kintoko desafekzioari bi aldiz ezetz erran dio, haatik, UPNek eta Ezkerrak beraiek parte diren Batzar Nagusiaren erabakia ez errespetatu eta, otsailaren 2an, udaleko osoko bilkurarat gaia eraman zelarik eskariaren alde bozkatu zuten.
Astelehenean Batzar Nagusiak hirugarrenekoz Kintoko mankomunitatean Baztango ordezkariek ezezkoa ematea erabaki zuen.
UPNren eta Ezkerraren leialtasun eta errespetu falta salatzeko, Batzar Nagusiaren hasieran bi alderdi horietakoak ez bertzerik, gainerako batzarkide guztiak bortz minutuz lekutu ziren. Garbiñe Elizegi Batzar Nagusiko presindeteak (BILDU), bortz minutuko etena erabaki eta protesta ekimenaren ondotik, bilkurak jarraitu zuen.