BAZTANGO UDALAK ELIZONDON BIZIKLETAN IBILTZEKO EKIMENAK EGIN DITU

Bizikleta-mugikortasuna bulkatzeko asmoz Baztango Udalak bizikletaldia antolatu zuen joan den ortziralean Elizondoko karriketan. Adin desberdineko herritarrek erantzun zioten deialdiari multzo polita osatuz. Orain artio, bizikletaldiak ikastetxeek haurrei zuzendutako ekimenak izaten ziren, Udalak, aldiz, herritar guztiei bideratu nahi izan die.
Ortziraleko bizikletaldia hondar asteotan Mendinueta karrikan bizikleta-mugikortasuna sustatzeko egin den muralaren osagarria da. Bi ekimen horien bidez eta heldu diren asteetan Elizondoko zenbait tokitan paratuko diren bizikleta-aparkalekuen bidez Udalak mugikortasun eredu iraunkorrago eta osasuntsuagoa bulkatu nahi du.
Bide horretan azken egun hauetako ekintzak urrats ttipiak bertzerik ez dira. Beharrezkoa da horietan sakontzea eta herritarrak kontzientzia hartzea nahiz ohiturak aldatzea. Izan ere, egun Elizondo autoz gainezka egotea larria da eta hainbat tokitan oinezkoendako eta, batik bat, haurrendako dauden arrisku tokiak agerikoak dira. Hori guztia gainditzeko mugitzeko bertzelako modua behar da.
Gauzak horrela, uda hasieran egindako ekimen hauek heldu den udazkenean izanen dute segida. Oraingoz, Udalak herrian bizikleta erabiltzeko gonbite-oharra igorri berri du Elizondoko etxeetarat.