DIARIO DE NOTICIASEN GEZURRAK


Diario de Noticias egunkariko Baztango berriemailearen gezurrak eta darabilen ildo desinformatzaile eta nahastaile etengabea kontuan hartuz, hemendik aitzinerat beharrezkoa ikusten dugun guztietan haren gezurren eta manipulazioen inguruan mintzatuko gara.

Honetakoan Aroztegiari buruz udalak apirilaren 19an egindako ez ohiko osoko bilkuraren berriaz solastatuko gara. Hasteko, kontuan hartu behar da kazetaria ez zegoela bilkura horretan, hortaz, ustez lehen eskuko informazio gisa ematen dituen horiek ez dira inondik ere horrelakoak.  
Bigarrenik, proiektuaren berrazterketaren alde Bildu, Ezkerra eta Nafarroa Bai 2011 agertu ziren. Haatik, kazetariak NaBai2011 beharrean Aralar alderdia aipatzen du, eta hori jakinaren gainean errandako gezurra da, zinegotzia NaBai2011ren izenean hautatua izan baita; hiru alderdi edo koalizoen adostasunak duen balio eta garrantzia isiltzeko helburuarekin idatzi du gezurra eta bereziki, aitzineko udalari buruz eta Aroztegiako proiektu espekulatzaileari buruz NaBai2011k hartu duen distantzia isiltzeko. Bertzalde bozketaren emaitzari dagokionez berrazterketaren aldeko 8 bozka izan zirela dio eta, UPNren kontrako 5. Hori ere gezurra da, UPNren aurkako 4 bozka izan ziren zinegotzietako bat ez zelako agertu, baina hori jakitzeko udalbatzarrerat agertu beharra dago.

Oinarrizkoak diren datuen inguruan halako gezurrak erranda kazetari honen jokamodua zein den agerian gelditzeaz gain, bere berrien sinisgarritasun eta fundamentu falta nabarmen azaltzen da. Bertzalde Aroztegiako aferan kazetariaren jokabidea  zein den jakinda eta  ikusita promotereak nahasita ibili diren  milioika eurotako iruzur kasuak eta diruak zenbat borondate erosten ahal dituen, eroskeriarik egon ote den pentsatzea guztiz zilegia da.