Baztango Udaletxeak Udal Plan Orokorra idazteko
prozesu parte hartzailea hasi du eta horren barnean,iragarritako moduan,
azkeneko asteetan Baztango kuarteletan eta Elizondon bilerak egin dira. Modu
berean, Baztango sektore desberdinetako eragileak biltzen dituen foroa ere
lehendabizikoz elkartu da. Lehen bilera txanda honetan prozesuaren aurkezpena
egin bidenabar, eztabaidarako gidoia banatu da, horren gainean gogoeta egin
ondotik ondoko saioan eztabaida egiteko.
Baztangoizako bilera Amaiurren egin
da, Basaburuakoa Berroetan eta Erbereakoa Iruritan; lekaroztar eta elbetearrak
Lekarozen bildu dira eta Elizondok duen neurriarengatik bere bilkura berezia
egin du. Kuarteletako bileretan denera 79 herritarrek parte hartu dute eta
foroan 23 eragile sektorialek. Datu osoak
kontuan hartuta gizonki eta emaztekien parte hartzea berdintsua izan da eta parte hartzaile gehienak helduak izan dira gazte eta
adinekoen presentzia berriz, eskasa. Udaletxearen aldetik, bertze tokietan egin
diren gisako esperientziak kontuan hartuz, orokorrean, parte hartze kopuruari
buruzko balorazio positiboa egiten dugu. Bertzalde, eztabaida ondoko txandan
emanen bada ere, aurkezpen saioetan herritarren kezkak berehala agertu dira: etxe
hutsak, nekazal lurrak, etxeak non egin daitezkeen, jarduera ekonomikoak non
ezarri… Guzti horrek eztabaida emankorra izanen dela erakusten du eta,
horregatik, herritar guztiak bertze behin bilera hauetan parte hatzerat
gonbidatu nahi ditugu. Eztabaida hauetako ekarpenak Baztango Lurralde
Okupazioaren Estrategia eta Eredua berridazteko erabiliko dira eta, ondotik,
horren gainean Udal Plana idatziko da. Herritarren parte hartzeko moduak Udal
Plan Orokorraren zati desberdinetara moldatuz eta egokituz joanen dira, hortaz,
oraingo bilerak, bertze parte hartze guneetan bihurtu dira.
Halaber, Lurralde Okupazioaren
Estrategia eta Ereduaren berridazketa aldi honetan, herritarren iritzia
biltzeko 012 telefonotik inkestak egiten ari gara. Denetara 200 galdeketa egin
nahi dira eta horretarako herritarren inplikazioa beharrezkoa da. Horregatik,
herritarrei, euren telefonoetako pantailetan 948217012 zenbakia agertuz gero, ondoko
asteetan guttienez hartzeko eskaria egiten diegu, 012ko zenbakia baita.
Hurrengo bilerak egun eta toki hauetan eginen dira:
Apirilaren 3an: Basaburua (
Berroetan) arratsaldeko 7tan
Apirilaren 4an: Erberea (Iruritan)
arratsaldeko 7tan
Apirilaren 10an:
Lekaroz-Elbete (Lekarozen) arratsaldeko 7tan
Apirilaren 11an: Elizondo (Arizkunenean)
arratsaldeko 7tan
Apirilaren 12an: Baztangoiza
(Amaiuren) arratsaldeko 7tan
Apirilaren 13an: Foroa
(Arizkunenean) arratsaldeko 7tan