Internazionalismoa
Euskal Herrian solasaldiarekin akitu zen atzo, aurten
lehendabiziko aldiz Baztanen egin den Aste Internazionalista. Gainerako saioen
moduan hitzorduak publikoaren aldetik erantzun ona izan zuen eta, horrela,
Askapenak eta Erratzuko Kultur Elkarteak antolatutako zikloan parte hartu duten
herritarrek munduko hainbat gatazka eta arazo ezagutzeko aukera izan dute.
Askapenako
kide bat izan zen Internazionalismoa Euskal Herrian gaiaz
solastatu zena. Hasiera-hasieratik, internazionalismoa ulertzeko imperialismoaz
jabetzea beharrezkoa zela adierazi zuen. Hala, gureak jendarte kapitalistak
izanik, klase menpekotasunean eraikiak, nazioarte mailan zapalketa ardatz
horrek hartzen duen forma inperialismoarena dela erran zuen; hau da, mundu
mailako guttiengo hegemonikoak, beren esku dauden estatuen bidez munduan barna
antolatzen duen zapalkuntza, gisa desberdinetako baliabideak eskuratu ahal
izateko: lan-indarra, lehengaiak…
Modu
horretan, internazionalismoa borrokan diren herrien artean eraikitzen den
elkartasun harremana da, herri langile desberdinek baturik dagoen
mundu-burgesiaren aurka egiteko hain zuzen. Zentzu horretan internazionalismoa
ez da elkartasun etikoa, politikoa baizik, hau da, herri batek bere burua
askatzeko eta horrela bertzeen askapenean laguntzeko egiten duen hautu politiko
eta konszientea; ez da inondik ere elkartasun abstraktu edo karitatibo bat.
Bertzalde,
Askapenaren sorreraren berri eman zuen, orain 25 urte Euskal Herrian, gure
herriaren borroka zehatzetik antolatutako talde internazionalista. Hasieran
Nikaraguako iraultza sandinistari loturik, ondotik, iraultza horren
gainbeherarekin eta 1989. urteko SESBen erorrerarekin, elkartasun
internazionalista bertze herrietarat bideratzen hasi zen: Salvador, Guatemala,
Kuba e.a. Eta beranduago Ipar Irlanda, Korsika eta bertze batzuetarat.
Iaztik,
Askapenak Euskal Herrirako baliagarriak izan daitezkeen lau gairen arabera
antolatzen ditu brigadak: memoria historikoa, ekoizpen sistema alternatiboak,
estaturik gabeko herriak eta demokrazia parte hartzailea.
Solasaldian
ere 2010. urteko Askapenaren aurkako polizia operazioa aipatu zuen eta Euskal
Herriko internazionalismoaren historia garaikidean izan diren bi pasarte
mugarri era bai: Pakito Arriaran euskal militantea FMLNko gerrillan Salvadorren
erori zenekoa, eta Urugaien, euskal militanteen estradizioa galerazteko gertatu
zen Fieltroko sarraskia.